Sustrai Colina: “Plazan ibiltzea luxua da: belaunaldi desberdinekin egoteko aukera ematen dit”

Aurten XXXI. edizioa izango du San Andres Bertso Jaialdiak. …eta kitto! Euskara Elkarteak Eibarko Udalaren babesarekin antolatzen du urtero. Urte hauetan maila goreneko bertsolariek zapaldu dute Eibarko taula, eta aurten ez da gutxiago izango.
Sustrai Colina: “Plazan ibiltzea luxua da: belaunaldi desberdinekin egoteko aukera ematen dit”
2025/11/21 12:41
Irati Alvarez Malaxetxebarria

San Andres Bertso Jaialdiak XXXI. edizioa ospatuko du aurten. Azaroaren 28an, Mikel Arrillaga gai-jartzailearen gidaritzapean, Coliseoko antzokiko oholtzan elkartuko dira maila gorenean aritzen diren bost bertsolari: Sustrai Colina, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Eneritz Artetxe eta Unai Iturriaga. Sustrai Colinarekin hitz egiteko aukera izan du …eta kitto!-k. Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Coliseoko leihatilan, 18:30etik aurrera (8 euro). Jaialdia hasi aurretik, San Andres Bertso Paper lehiaketaren sariak banatuko dira.

Izan al zara aurretik San Andres Bertso Jaialdian edota Eibarren?
Bai, hainbat aldiz kantatu izan dut Portalean eta Coliseon. Arraten …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako bertso afarian ere izan naiz, eta baita herriko beste saio batzuetan ere.

Bertsolari gisa, pertsonalki, zein momentutan kokatzen duzu zure burua?
Plazaz plaza nabil, gustura. Bertsolari bakoitzak bere bide propioa du, eta ni horretan ari naiz pausoak emanez. Jendearekin egoteko eta errealitate desberdinak ezagutzeko gogoz nabil. Egia esan, gaur egun plazan ibiltzea luxua da niretzat: belaunaldi eta ideologia desberdineko jendearekin egoteko aukera ematen dit, eta pertsonalki oso aberasgarria da.

Belaunaldi berriak aintzat hartuta, gaur egun bertsolaritzara gerturatzen ari direla uste duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Bertsolari gazteak dauden heinean, bertsozale gazteak ere badaude. Eskolek transmisio handia egiten dute horretarako: ez bakarrik bertsolariak sortzen, baita bertsozaleak ere. Gainera, herriz herri elkarteek antolatzen dituzten jaialdiek —San Andresekoa kasu— asko laguntzen dute belaunaldi berriek bertsoarekin harremana izan dezaten.

San Andres bertso saioak XXXI. edizioa beteko du aurten. Zein egoeratan ikusten dituzu honelako saioak?
Plaza osasuntsu dago. Pandemiaren ostean, plaza kopuruak handitu egin dira eta formatuak inoiz baino ugariagoak dira. Bertsozaleak bere gustuko saioa aukeratzeko aukera handiagoa du, eta hori oso pozgarria da. Nik esango nuke inoiz baino bertsolari gehiago gaudela plazan, eta hori ezinbesteko amua da zale berriak gerturatzeko.

Coliseon puntako bost bertsolari elkartuko zarete. Zer erronka ikusten duzu saio honetan?
Saio bakoitza erronka bat da, kantaria edozein dela ere. Taula gainean jartzen zaren unetik beti duzu ardura eta motibazio bat saio ona egiteko eta jendeari zerbait eskaintzeko. Motibazio hori galduz gero, hobe litzateke etxean geratzea. Gainera, Eibarren izango garen bertsolarion artean badago harreman bat, eta horrek lagunduko digula uste dut.

Jende aurrean bertsotan aritzea ez da erraza. Nola prestatzen duzu zure burua?
Inprobisatzeko aurretik lan handia egin behar da. Norberak zer egin nahi duen eta zer ez argi izatea garrantzitsua da, eta gero, egin nahi duen horretara hurbiltzeko tresnak lantzea. Horrez gain, aktualitatearen eta munduan gertatzen denaren aurrean nola kokatzen zaren argi izatea ere funtsezkoa da. Hor dago giltza.

Zein aholku emango zenioke bertsotan hasi berri den gazte bati?
Jolasa deskubritzeko esango nioke. Zerk motibatzen duen aurkitzea. Jakin-minetik eta grinatik hasten gara guztiok bidea egiten eta disfrutatzen. Pausoz pauso joatea da garrantzitsuena, amets handiek itsutu gabe.

Azkenik, zer esango zenieke herritarrei?
Gure onena ematen saiatuko gara eta saio atsegin bat eskaintzen. Espero dugu bertaratzen direnek disfrutatzea eta elkarrekin ostiral iluntze eder bat pasatzea.