Taldekide eta laguna omentzeko ganbera kontzertua eskainiko dute domeka eguerdian Coliseo antzokian
Txistuaren, ganbera-musikaren eta euskal kulturaren adierazpen ezberdinak batuko ditu domekako emanaldiak eta, horretarako, kalitate handiko interpreteak igoko dira oholtzara, errepertorio bereziki zaindua eskaintzeko.
Usartza Txistu Taldearekin batera beste hauek arituko dira: Kezka Dantza Taldea, Garikoitz Mendizabal txistu bakarlaria, Josu Aguirre txistu ikasle bakarlaria, Isabel Laspiur pianista, Marisol Arrillaga soinujolea eta, hari-sekzioan, Enrique Campos, Javier Navascues, Edurne Olazabal, Andres Robles eta Joaquin Marco arituko dira. Gonbidatu berezi gisa Elenaren semea, Peru Santos Perez gitarra-jotzailea ere izango da. Usartza Txistulari Bandako zuzendariak, Enrique Monterok zuzenduko du kontzertua, eta aurkezpena Maider Aranberrik egingo du.
Emanaldi berezi honetan parte hartuko duten hiru kiderekin, Usartza Txistulari Taldeko Enrique Montero eta German Ereñarekin, eta Garikoitz Mendizabal txistu bakarlariarekin egon gara, Elena Perezen omenezko kontzertuaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko.
Enrique Montero zuzendariaren berbetan, “aurten bost urte bete dira Elena hil zela, eta ganbera kontzertu hau antolatzea pentsatu dugu, berari omenaldi txiki bat egiteko. Denbora dezente igaro da azken ganbera-kontzertua eskaini genuenetik: 2017an izan zen, eta Elena bera izan zen zuzendaria”.
Aurretik egin izan dituzten ganbera kontzertuen egiturari jarraituko diote honetan ere: “Kontzertuan gehienbat txistuari ikusgarritasuna ematea da ideia, txistuak ematen dituen aukera ezberdinak erakutsita. Izan ere, txistua gehienbat kalean, kalejiretan eta horrelakoetan ezagutzen da, baina txistuak badauka horren ezaguna ez den beste alderdi bat: txistua ganbara kontzertuetan, hain zuzen ere. Kasu honetan, txistua bakarlari bezala, txistua banda- formatoan, txistua pianoarekin, harizko boskote bat txistu bakarlariekin, soinuarekin... estilo ezberdinak erakutsiko ditugu”.
Oso ondo pentsatutako programa
Horretarako prestatu duten programa ez da edonolakoa: besteak beste, J. I. Ansorenaren Belatzarenak, Beti nigandik gertu eta Ohorezko kontrapasa obrak; Juan Elberdinen Tximeletaren mezua; David Rivasen Recuerdos del ayer; Xabier Zabalaren Urdinpean, Ostroen dantza, Elena gogoan eta Cinema Paradiso Suite; baita Antonio Vivaldiren Concierto en Do Mayor RV 443 ere eskainiko dituzte.
Garikoitz Mendizabalek programa zein ondo pentsatu duten nabarmendu du: “Elenak txistuarekin egin zuen ibilbidea erakusteko ezin aproposagoa da. Nik kontserbatorioan ezagutu nuen Elena, kontserbatorioko ikaskide izan nuen. Aurrerago ere Bilbora, txistulari bandan laguntzera etortzen zen. Lehiaketetan ere batera aritutakoak gara... Orduan, profil hori Elenak bazeukan. Alegia, bakarlari moduan abila, trebea, pertsonalitate handikoa zen, eta dantzariekin jotzen oso-oso ona. Baina, gero, kontzertu honek probokatu nahi duen estilo eleganteagoa, aretoko horiek ere manejatzen zituen, oso teknika ona zeukan eta. Orduan, programa oso-oso ondo aukeratuta dago, eta kontzertua emotiboa izango da, seguru. Aipatutako estilo desberdinak izango ditu: akordeoia, pianoa, hari-boskotea, eta txistuarekin aurpegi desberdinak erakutsiko dira. Eta atzean beti egongo da Elenaren itzala”.
Zuzendariaren berbetan, “programa estilo ezberdinetako doinuekin osatuta dago, baina Elena hor egongo da denbora guztian: hasieran txistua entzungo da, Elena gure taldeko kidea eta zuzendaria izan zelako. Elena bakarlari bezala ere hor egongo da, Garikoitzek ordezkatuta, Elena ama eta emaztea... “.
Harizko boskotearekin eta soinuarekin joko dituzten piezak, adibidez, Usartza Txistulari Taldeak Elenarekin batera jo izan dituen obrak dira, eta horregatik aukeratu dituzte. Eta Mendizabalek interpretatuko duen Vivaldiren kontzertua, berriz, gradu amaieran jo zuen Elenak.
Kontzertuan sorpresaren bat ere egongo dela aurreratu digute: “Doinu guztiz diferente bat egongo da, hori ere bere oroimenez. Estreinaldia izango da, gainera: Xabier Zabalak egin duen Cinema Paradiso filmeko melodiaren moldaketa joko dugu. Instrumentu ezberdinetarako egindako moldaketa da, baina txistua izango da printzipala, gitarrarekin batera”.
Ganbera kontzertu honek agerian lagako ditu txistuak instrumentu gisa eskaintzen dituen aukerak, baina, hala ere, txistulariek garai hobeak ezagutu dituzte: “Orokorrean, txistulariak egon badaude. Inurriak bezalakoak gara: hor gaude, eta hor egongo gara beti, gizarteko hainbat momentutan derrigorrez txistulariak behar direlako: kaleak animatzen, dantzak laguntzen, protokoloak laguntzen, hori gure alde daukagu. Igual ez gara inoiz modan egon, baina inoiz ez gara modaz pasatuko”, dio txistuarekin mundu osoan aritutakoa den Mendizabalek.
Eibarren bertan, berrehundik gora txistulari aldi berean ezagutu ditu Monterok: “80ko hamarkadan txistu banda munizipala zegoen, gure nagusiek osatutakoa, eta geu sei banda izan ginela uste dut. Euskal Jaian, kalejiran Urkizutik irten eta, lehenak Untzagara ailegatzen ari zirenean, azkenak oraindik Urkizutik irteten ari ziren”.
Euskal Herriko Txistulari Elkartearen mendeurrena prestatzen
Oztopoak oztopo, datorren urtean beteko dira ehun urte Euskal Herriko Txistulari Elkartea sortu zela, eta urte osoan egongo dira hori ospatzeko ekitaldiak han eta hemen, baita Eibarren ere: “Elkartearen mendeurrena beteko delako, baina, batez ere, Arraten sortu zelako elkartea. Irailaren 18an ospatuko dugu, eta hasi gara bazkideentzat propio izango den eguna prestatzen”.