Tantanez Tantan ekitaldia aurkeztu du gaur Eibarko Euskalgintzak
Maiatzaren 23an, barixakua, Tantanez Tantan ekitaldiak herriko kaleak zeharkatuko ditu. Euskararen aldeko olatuak 19:00etan ekingo dio ibilbideari, ohikoa den moduan Urkizuko iturritik hasita. Bertan gantxilla urez bete eta eskuz esku giza katean Untzagaraino iritsiko da. Aurten euskara ikasleak izango dira omenduak eta eurek izango dute, beraz, iturrian gantxilla betetzeko eta amaierako testua irakurtzeko ardura. "Egiten duten ahalegina ikusarazi eta balioan jarri nahi dugu, euskarari egiten dioten ekarpena izugarria da-eta", diote Eibarko Euskalgintzatik.
Ibilaldi osoan ez da animaziorik faltako, "Eibar BHIko hankapaloek irekiko dute katea, gantxilla laguntzen joango dira Musika Eskolako soinujoleak eta olatua ixten Ustekabe txaranga". Euskalgintzako taldeek dei egiten diete herritarrei: "Jantzi zaitezte urdinez, lepoan koadrodun zapiarekin, eta irten kalera, tarte batean jarri eta pasa gantxilla, pasa euskara eskutik eskura; aldarrikatu dezagun ozen Eibarren euskaraz bizi nahi dugula".
Aurten ere Euskal Jaiarekin bat egingo du euskararen olatuak, "batak zein besteak helburu bera dugu, euskara eta euskal kultura bultzatzea eta, beraz, naturala iruditzen zaigu biak uztartzea". Gaur aurkeztu da ekitaldia Urkizuko iturriaren aurrean.