Teknikerrek 35,2 milioiren diru sarrerak izan zituen iaz, erdiak jatorri pribatukoak
BERRIAko Imanol Magro Eizmendi kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.
Iazkoa hazkunde urtea izan en Teknikerrentzat. Teknologia zentro horrek 35,2 milioi euroren diru sarrerak izan zituen, 2024an baino %5 gehiago. Gainera, sarrera publiko eta pribatuak pare-parean ibili ziren: %49 erakunde pribatuen ordainketak izan ziren, eta %51, erakunde publikoen laguntzak.
Zentroak 207 proiektu garatu zituen 191 enpresarentzat. Horiekin ez ezik, harreman estua izan du beste 30 enpresarekin ere. Enpresek Teknikerren atea jotzen dute haiek beren kasa egin ezin dezaketen garapen lana eskatzeko. Teknikerren datuen arabera, garaturiko proiektuen %95 sei sektore hauetakoak dira: biosanitarioa, aeroespaziala, fabrikazio aurreratua, erregai berriztagarriak, energiaren biltegiratzea eta autogintza.
Alor publikoko finantzaketari dagokionez, %25 Eusko Jaurlaritzaren programetatik jaso zuen, %18 Europako Batasuneko funtsetatik, %7 Espainiako Gobernutik eta %1 Gipuzkoako Foru Aldunditik.
Teknikerren osasunaren beste neurgailu bat langile kopurua da. Iaz 320 langilerekin amaitu zuen urtea, eta 2025ean zituenak baino %5,6 gehiago dira horiek. Halaber, 2,3 milioiko inbertsioa egin zuen bere egoitzetan.