"Teknologia eta osasun mentala" irakurketa gida berria prestatu du Liburutegiak Altxau Burua elkartearekin elkarlanean
Eibarko Liburutegiak Altxau Burua Eibar guraso elkartearekin elkarlanean irakurketa gida berria prestatu du, "teknologiaren eta osasun mentalaren arteko harremanari buruzko baliabide erabilgarriak eta eskuragarriak eskaintzeko helburuarekin".
Ekimen hau ikusgarriago egiteko, interes gune berezi bat egongo da Liburutegian gaurtik (maiatzaren 28tik) ekainaren 8ra bitartean, “Teknologia eta osasun mentala” izenburupean, eta bertan izango dira eskuragarri, maileguan hartzeko, gidaren gomendatutako liburu guztiak.
Azaldu dutenez, herriko ikastetxeen bitartez ere zabalduko dute gida: "Familiek errazago eskuratu ahal izan dezaten, gida Eibarko ikastetxeetara bidaliko dugu, eta haiek lagunduko digute ikasleen familien artean zabaltzeaz".
Gida kontsultatu eta deskargatu daiteke esteka honetan:
“Teknologia eta osasun mentala” irakurketa gida (PDF).
Lehen bi orrialdeetan argi eta garbi azaltzen dira argitalpen honek dituen helburuak, ikuspegi hezitzaile eta prebentibotik landuak, eta adin-tarte desberdinetarako irakurketa-proposamenekin osatuak.
Herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte Liburutegira gerturatu eta gogoetarako, partekatzeko eta laguntzeko pentsatutako irakurketa aukera berriak ezagutzera.
.