Telebistak sintonizatu beharko ditugu domekan
Telebista frekuentziak lekuz aldatzeko kontua ez da beste barik sortu: dibidendu digitalaren liberalizazio prozesuaren eraginez, 4G abiadurako telefonia mugikor sare berriari lekua laga behar zaio eta, horretarako, frekuentziak lekuz aldatu behar dira.
Asteburuko aldaketak zortzi multiplexetan egingo dira eta, ohartarazi dutenez, domekan telebista aparailua sintonizatzen ez duenak kateak frekuentzia ezberdinetan ikusiko ditu. Edozein modutan ere, multiplex lehiaketa egingo da, baina datorren urtera arte ez dute adjudikatuko eta, ordura arte, multiplex horretan ikusiko duguna "probako seinalea" izango ei da. Izan ere, 2015ean multiplex horrek bereizmen handiko hiru kanal izango ditu.
Baina asteburukoa ez da izango telebistari lotuta egin beharko dugun aldaketa bakarra: urtea amaitu orduko ia etxe gehienetan antena kolektiboak egokitu beharko ditugu, teknikoari hori egiteko eskatuta. Salbuespena familia bakarreko etxeetan dauden antena indibidualak dira. Horien kasuan, nahikoa izango da domeka honetan telebista aparailuan egin beharreko sintonizazioa egitea. Edozein modutan ere, etxebizitzetako auzo elkarteko arduradunak antenistei lehenbailehen deitzea gomendatzen dute, urte amaieran beharra pilatu eta inor telebista ikusi barik ez geratzeko.
Informaziorako bideak
Hauen inguruan herritarrek izan ditzazketen zalantzak argitzeko eta, orohar, LTDaren aldaketen inguruan informazioa zabaltzeko asmoz, urriaren 15az geroztik publizitate kanpaina dago abian Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren eskutik. Horrekin batera, zalantzak argitzeko telefono bi (901 201 004 / 954 307 796) eta www.televisiondigital.es webgunea ipini ditu martxan. Webgune horretan begiratu daiteke antenaren egokitzapenak eremu geografiko bakoitzean zenbat multiplex digitali eragingo dien (guri, EAEn lau dagozkigu) eta, beraz, zenbat ordaintzea tokatuko zaigun: multiplex baten egokitzapenak 150 euroko kostua izango du eta bosten egokitzapenak, berriz, 550 eurokoa.
Galdera ohikoenak
- Antenistari deitu behar diot?
Zu bizi zaren eraikinean hiru bizilagunetik gora badaude, seguruenik bere zerbitzuen premia izango duzu. Komunidadeko presidenteak edo administratzaileak antenak egokitzeko gai den teknikoari lehenbailehen deitzea komeni da, aldaketa urtarrilaren 1erako eginda egon beharko da eta.
- Kanalak berriz sintonizatu behar ditut?
Bai, kanalak berriz sintonizatu beharko ditugu denok. Horretarako epea domekatik (urriaren 26tik) abenduaren 31ra arte egongo da zabalik. Hori egin ezean, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera kanal batzuk ezin izango ditugu ikusi.
- Nola sintonizatuko ditut kanalak?
Telebista batzuetan sintonizazioa automatikoki egiten da, baina beste batzuetan kanalak lokalizatzen joateko "menu" botoia erabili beharko da: "Menu" botoia sakatu eta pantailan zabalduko den menuan "instalazioa" edo "konfigurazioa" dioen tokiraino joan eta OK sakatu; jarraian, kanal-bilatzailera sartu eta "bilaketa automatikoa" edo "berriak sintonizatu" aukeratu eta itxoiten geratu, kanal guztiak aurkitu arte.
- Zenbat ordaindu beharko dut antena egokitzeko?
Prezioari hiru faktorek (etxebizitza motak, antena egokitzeko kontratatzen den enpresak eta antenaren ezaugarriek) eragingo diote. Familia bakoitzak bataz beste 20 euro ordainduko dituela kalkulatu dute eta Espainiako gobernuak antenak egokitzeko diru-laguntzak emango ditu (100-550 euro bitartekoak).