‘The Phoenix of Gaza’ dokumentala ikusgai izango da Coliseoan
Eibar Palestinarekin eta Gerrarik Ez elkarteek, Eibarko Udalaren laguntzarekin, ‘The Phoenix of Gaza’ dokumentala proiektatuko dute asteazken eta ostegun honetan (urriaren 15ean eta 16an) Coliseo antzokian. Lan hau Yousef Alhelou kazetari, analista, zuzendari eta ekoizle palestinarrak sortu du, eta Gazako herritarren egunerokoa erakusten du, 2023ko abuztuan, Israelgo azken bonbardaketen aurretik filmatua.
Lehen egunean, urriaren 15ean, 18:00etan, filma ingelesez eta euskarazko azpitituluekin eskainiko da; bigarrenean, urriaren 16an berriz, 19:00etan, ingelesez eta gaztelaniazko azpitituluekin.
Dokumentalak 45 minutu irauten ditu, eta bi saioetan ondoren solasaldi bat izango da: Yousef Alhelou bera bertan izango da ikusleen galderei erantzuteko eta filmaren atzean dagoen errealitatea azaltzeko.
Sarrera 5 eurokoa da eta borondatezko ekarpena egiteko aukera izango da. Bildutako dirua Palestinako laguntza humanitariorako erabiliko da.