Tigre de Amaña Memorialaren 1. jaialdia izango da bihar Astelena frontoian

Ekitaldia 22:15ean hasiko da eta zortzi borrokaldi jasoko ditu
Tigre de Amaña Memorialaren 1. jaialdia izango da bihar Astelena frontoian
2024/06/06 13:32
eta kitto!

Astelenak ohiko boxeo jaialdia hartuko du aurten ere Sanjuanetako jai-egitarauaren barruan. Oraingoan, gainera, nahiko aurreratuta dator eguna, ekainaren 7rako antolatu baitute jaialdia. Barixaku honetako ekitaldia 22:15ean hasiko da eta zortzi borrokaldi jasoko ditu, bost amateur mailako boxeokoak eta beste hiru aurten ere abiatuko den I. Eibarko Hiria Wushu Kopakoak. Borrokaldi horietan, gainera, Eibarko Tatt gimnasioko hiru ordezkari izango dira parte hartzen: Edu Urrutia boxeoan eta Amer Agbalou eta Geaxi Moreda wu-shu modalitatean.

Aurreko urteetan Jose Perez Amañako Tigrearekin batera egitaraua antolatzen jarduten zuen Ramon Quinak oraingoan bere gain hartu behar izan du pisu guztia. Hala ere, ondo moldatu da Ttatt gimnasioko arduraduna eta, kirol modalitate horietako euskal ordezkaritik kanpo, Errioxako eta Madrilgo borrokalariak “fitxatu” ditu jaialdirako. Sarrerak dagoeneko salgai daude Gym Ttatt-en (12 euro gradakoak eta 15 aulkiak) eta, bestela, lehiatilan eskuratu ahal izango dira egun berean, 3 euro gehiago ordainduta.

Jaialdiko boxeoko elite mailako borrokak, hiru minutuko hiru asaltokoak, honakoak izango dira: 48 kiloraino, Haizea Artiaga (Gasteiz Sport) vs Andrea Martinez (Logroño); 62raino, Maria Dominguez (Gasteiz Sport) vs Aitana Ortigosa (Logroño); 72raino, Edu Urrutia (Tatt Eibar) vs Gorka Luaces (Gasteiz Sport); 75eraino, Ayyoub Lamzalzi (Gasteiz Sport) vs UNai Ibañez (Bilbo); eta 67raino, Angel Nuñez (Gasteiz Sport) vs Andres Castro (Bilbo). Eibarko Hiria Wushu Kopako lehenengo edizioko hiru lehiak, bestalde, honakoak dira: 80 kilora arte, Amer Agbalou (Tatt Eibar) vs Daniel Nestares (Gym Feijoo Madrid) eta Pablo Benavente (Gym Feijoo Madrid) vs Fermin Setoian (Pamplona); eta 52 kilora artekoan, Gaexi Moreda (Tatt Eibar) vs Natalia Silvestre (Gym Feijoo Madrid).