Trabuko Bidearen bosgarren etapa egingo dute Deporrekoek uztailaren 4an

23 kilometroko ibilbideak Errotz, Gaztelu, Mortxe eta Ultzurrun lotuko ditu
Trabuko Bidearen bosgarren etapa egingo dute Deporrekoek uztailaren 4an
2026/06/26 14:00
eta kitto!

Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak Trabuko Bidearen bosgarren etapa antolatu du uztailaren 4rako. Ibilbideak Errotz, Gaztelu, Mortxe eta Ultzurrun lotuko ditu, eta parte-hartzaileek Nafarroako paisaia eta ondare historikoa uztartzen dituen etapa berriaz gozatzeko aukera izango dute.

Antolatzaileek diotenez, “Trabukoren bidetik kanpo gaude jada. Baina Iruñerantz hurbiltzeko ideiarekin, Irurtzundik hegoaldera ibiliko gara, Errotz eta Ultzurrun artean aztarna historiko artean”. Horrela, 23 kilometroko ibilbidea egingo dute 1.510 metro gora metatutako desnibelarekin (16 kilometroko bide alternatiboa ere prestatu dute).

Eibartik 07:00etan irtengo dira eta itzulera 18:00etan egitea espero dute. Izena emateko, mendia@deporeibar.com helbidera idatzi daiteke, klubaren bulegora joan astearte eta ostegunetan 19:00etatik 20:00etara edo 943 20 19 04 telefonora deitu aipatutako egun eta ordu horietan.