Trabuko Bidearen hirugarren etapa egin dute Deporreko mendizaleek
Klub Deportiboko mendiko batzordeak antolatuta, Trabuko Bidearen hirugarren etapa egin zuten larunbatean, maiatzak 9, 34 mendizalek. Leitza eta Jauntsarats elkartzen zituen ibilbidea gauzatu zuten eta Antton Narbaizak honako kronika egin digu:
“Deporreko 34 mendizale abiatu gara Leitza herri ikusgarritik Jauntsarats herrixkarainoko zeharkaldian. Bidea ezin erakargarriagoa gertatu da ibilaldi guztian zehar. Hasteko, pista eta bidezidorrek gorantz eraman gaituzte, belardi garbi eta pagadi sendoetan gora. Haizeteek eta seguruenik elurteek ere haietako asko eraitsi dituzte, aurrera egitea oztopatzen zutelarik. Gora eta gora, borda batzuetan zehar, abelgorrien begirada isilarekin, Ireber-en gailurra iritsi dugu (1196 m.). Bertatik Nafarroako hurbileko zein aski urrutiko mendien ikuspegia. Jaitsi eta berehala Ernaitzu-ren erpinera igo dugu. Beste malda baterantz jo dugu bailaraz aldatzen garela. Lehen pagadi zena laster harizti bilakatuko da. Hurrengo tontorra Seanbe izen berezia daukan tontorra izan da. Altura galtzen joan gara gero zuhaitz zein baino zein harroagoak pasatzen ditugula. Une batez Beruete herrixkarantz jaistea ere aukera izan dugu, gu baina gure jomuga zen Jauntsaratseko norabide hartu dugu. Herrian bertan gaztainondo oso zahar gerri ederrekoa miretsi dugu. Horrela amaitu da, 22 kilometro eta sei ordu inguru iraun duen ibilaldi bikaina”.