Trafiko murrizketak izango dira Eibarren Itzuliaren etapa dela eta

Trafiko murrizketak izango dira Eibarren Itzuliaren etapa dela eta
2026/04/09 10:52
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko erdigunea itxita egongo da ibilgailuentzat ostegun honetan, apirilak 9, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Euskal Herriko Itzuliaren bosgarren etapa dela eta. Ostiralean, apirilak 10, jokatuko da Eibar-Eibar etapa, eta horrek trafikoan eragin nabarmena izango du herrian.

Txirrindulari-lasterketa 12:57 inguruan abiatuko da Untzaga plazatik, eta hiru aldiz igaroko da Eibartik. Lehenengoan, 15:34ak aldera, Azitaingo industrialdetik Arraterantz igoko dira txirrindulariak. 16:30 inguruan igaroko da bigarrenez: Bizkaitik iritsiko dira, eta Otaola hiribidea, Barrenengua eta Amaña zeharkatu ondoren, Arratera joko dute berriro. Azkenik, hirugarren pasaldian, Gipuzkoa aldetik Azitainera sartuko dira, eta Barrena, Urkizu pasealekua eta Errebal kalea zeharkatuta, 17:17 inguruan helmugaratuko dira, Toribio Etxebarria kalean.

Udalak ohartarazi duenez, 15:30etik aurrera lasterketak trafikoari eragingo dio, bereziki Bilborako noranzkoan.