Trikuharrien bisitarekin eta Swing dantza inprobisatuarekin hasiko da domeka honetan Soraluzeko Blues Hotsak jaialdia

Mendi gainean (Karakate inguruan) Bluesaren inguruko musika jai berezia egingo da, eta ERROMINTXELAK talde arrasatearrarekin Swinga dantzatu ahal izango da Plaza Zaharrean.
Trikuharrien bisitarekin eta Swing dantza inprobisatuarekin hasiko da domeka honetan Soraluzeko Blues Hotsak jaialdia
2025/11/10 11:53
Ana Aizpurua

Asteburu honetan hasiko da Blues Hotsak jaialdia Soraluzen. Azaroaren 16an hasi eta 23an amaituko da. Aurtengoa zazpigarren edizio izango da eta, aurten ere, herriko toki desberdinetan egongo dira ekitaldiak.

Domekan, azaroak 16, 09:30ean herriko plazatik aterako da Dolmenen ibilbidea egitera joango den taldea (aurretik HEMEN apuntatu behar da). Mendi gainean (Karakate inguruan) Bluesaren inguruko musika jai berezia izango da. Dolmenen ibilbide gidatua Karakate-Irukurutzeta mendilerroan zehar burutzen da, Soraluze, Elgoibar eta Bergarako udalerriak lotzen dituen Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoa zeharkatuz. 9 km-ko ibilbidean 5 monumentu megalitiko bisitatzen dira. Ibilbideak balio arkeologiko handiko guneak ditu. Arkeologiaren ikerketan izugarrizko balioa duen bidea da, Neolitiko eta Brontze Aroko tumulu eta trikuharrien eskutik. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondare hori beren antzinako kulturako ehorzte-errituekin lotuta dago. Behin bisita amaituta, hamaiketakoa eskainiko da parte hartzaileentzat Plaza Zaharreko karpan.

13:00etan Arrasateko ERROMINTXELAK taldearen kontzertua eta Swing dantza egingo da Plaza Zaharrean. Erromintxelak 2021ean  sortu zen Arrasaten eta Swing musikaren tradizioa eta euskarazko poesia uztartzen dute. Emanaldia bitartean bikote bat izango da dantzan bertan. Swingeatzera animatzen diren guztiak gonbidatuta daude.