Txakurren aldeko jaialdia izango da ostiralean Ermuan Marcan Huella elkartearen eskutik
Deba Beheko “Marcan Huella” txakurren aldeko elkarteak jaialdia egingo du bihar (maiatzak 29) Ermuko Antzokian. Ekitaldia 20,00etan hasiko da eta, lortutako diruarekin, kalean lagatzen dituzten txakurren alde lanean jarraitu nahi dute.
Jaialdian musika eta dantzaz gozatzeko aukera izango da: flamenkoa, klasikoa, euskal dantza eta rock-a. Gainera, erropa-pasarela egongo da elkarteak saltzen duen erroparekin. Arrateko UCAS erreskate-taldeak bere lanaren berri emango du eta orain arte Marcan Huella elkarteak egindako lanari buruzko ikusentzunezkoa eskainiko dute. Sarrerak bertan egongo dira salgai 6 euroren truke, eta baita Arkupe eta Lau Bide tabernetan eta Maria Ospitxalen ere.
Txakur bat kalean utzita dagoela jakiten dutenean, bertara joaten dira eta jaso egiten dute. Txakurrak txipa baldin badauka, jabea aurkitzen dute eta animalia bueltatu egiten zaio. Txipa falta bazaio, orduan hasten dira arazoak eta txakurrarentzako etxe baten bila hasten dira. Urtebete inguru daramate lanean eta tarte honetan 50 txakurrendako adopzioa lortu dute. Gainera, 20 txakur euren jabeei bueltatu zaizkie.