Txaltxa Zelaiko parkearen atzerapenarekin "arduratuta" daude Bilduko ordezkariak
Bilduren udal taldeak gaur (martitzena, hilak 16) eskainitako prentsaurrekoan, Txaltxa Zelaiko jolasgunea estaltzeko beharrak oraindik hasi barik daudelako arduratuta dagoela adierazi du. Parke estalia egiteko beharrek 330.000 euroko laguntza eskuratu ahal izateko "beharrak abenduaren 31rako amaituta egon behar direla" gogora ekarri dute Bilduko ordezkariek, "bestela subentzioa galduko litzateke".
Kezkarik handiena "adjudikazioa %34ko jaitsierarekin eginda ere, adostutako epeak betetzeko arazoak izaten diharduen enpresa batekin" egin izanak eragiten diela diote eta "atzerapenak proiektua bera arriskuan ipiniko ote duen" beldur dira.
Bilduko ordezkarien berbetan, "gogorarazi nahi dugu orain dela bost urtetik hona, zehazki 2007aren hasieratik PSEren Udal Gobernuak obra hau egin ahal izateko aurrekontuetan 300.000 euroko diru kopurua jartzen zuela esaten diharduela, umeak eguraldi txarrarekin gune bi izan zitzaten, eta gerora emaitza ikusi ondoren egitasmoa zabaltzen joango zela. Gune horietako bat hain zuzen Txaltxa Zelaikoa zen. Bost urte igaro dira, beharrak atzeratzen joan dira eta aurrekontuetan horiek egiteko jasota agertzen zen dirua beste partida batzuetara bideratu dute".