Txistu-ikasleek kurtso amaierako emanaldia egingo dute bihar, ostirala, 18:30ean udaletxeko arkupeetan
2021/06/10
11:45
eta kitto!
Bihar arratsaldean, ostirala, 18:30ean, eskainiko dute kurtso amaierako emanaldia txistu-ikasleek. Eibarko Musika Eskolan Enrique Monterorekin ikasten ari direnen saioa Untzagan, udaletxeko arkupeetan, izango da eta, ikasturtean ikasi dutena jendeari erakusteko ilusioarekin, ikasleek hainbat pieza prestatu dituzte: Alazne Ziarsolok “Iepo i tai” (Maoriar herri doinua), “Arroxali” (Imanol Urbieta) eta “Bautista Basterretxe” (herri doinua) joko ditu; Ixone Bilbaok “Artzaina” (Frantziar herri doinua) eta “Ortzian izar eder” (herri doinua); Oihenart Agirrek “Txoria txori” (Mikel Laboa), “Alferraren astea” (herri doinua) eta “Uso zuria” (herri doinua); ondoren, Ixone eta Oihenart batera arituko dira “Anai Xanti” (Frantziar herri doinua) joten; Ixonek, Leirek eta Iratxek “Ixil ixilik” (herri doinua) eskainiko dute; ondoren, Alaznek, Ainhoak, Leirek eta Iratxek “Baserritarrak” (herri doinua) interpretatuko dute; Leirek eta Iratxek, berriz, “Allegro” (G. F. Haendel); eta hirukotea osatuta, Leire, Iratxe eta Ainhoa batera arituko dira “The medallion calls” (“Piratas del Caribe”, Klaus Badelt) eskaintzeko. Saioa agurtzeko, berriz, “Aldapeko” (herri doinua) eta “Txaka txaka txa” (herri doinua) joko dituzte denek elkarrekin.