Txonbo! goiburuari jarraituta, Ibilaldiaren 46. edizioa ospatuko da domekan Getxon
Aurtengoa 46. edizioa izango da, beraz urteak joan eta urteak etorri, Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi die: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. Edizio bakoitzean ikastola desberdin batek antolatzen duen jaia da Ibilaldia eta 2024koa Algortako San Nikolas Ikastolari egokitu zaio. Ez da lehenego aldia Ibilaldia Getxon ospatzen dela: aurretik 1978, 1984 eta 2002an ere ospatu ziren udalerri horretan. Domekan, beraz, familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izango da Bizkaiko kostaldeko herri horretan, Ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabaltzeko eguna. Ekitaldi gehienak Algortako erdigunean eta kostaldean egitea aurreikusten dute.
Txonbo! izango da Ibilaldiaren aurtengo lema: “Hezetasuna auzoko San Nikolas ikastolatik, tantarik tanta, San Nikolas Plaza, Portu Zaharra eta Ereagako hondartzan olatu handi bilakatu arte. Zatoz gurekin Txonbo egitera!”, diote jaiaren antolatzaileek. Bizkaiko ikastolen domekako jai horretako egitaraua lau esparrutan banatuko dute: Ikastola gunea, Herria gunea, Portu Zaharra gunea eta Hondartza gunea. Hortik kanpoko ibilbidean Sanikoibiltaria, Agurra taldea (buruhandiak eta erraldoiak), Kutxus Areatxu fanfarrea, Musikalia herriko banda eta Batukale samba izango dira, beste batzuen artean.
Informazio gehiagorako: www.ibilaldia.eus