Udaberri Kontzertuarekin eta 48. Udaberri Probarekin hasiko du denboraldia Eibarko Txirrindulari Taldeak
2026ko ekitaldi eta lasterketa denboraldiari hasiera emango dio Eibarko Txirrindulari Taldeak otsailaren 22an, igandea, Coliseo antzokian egingo den XVII. Udaberri Kontzertuarekin. Eibarko Musika Bandaren eskutik, bertaratzen direnek hainbat pieza entzuteko aukera izango dute, musika eta kirola uztartzen dituen hitzordu berezian.
Atsedenik gabe, martxoaren 1ean jokatuko da egutegiko lehen lasterketa, 48. Udaberri Proba, junior mailako eta izaera probintzialeko hitzordua. Txirrindulariak Toribio Etxebarria kalean elkartuko dira, eta 09:45ean emango zaio irteera neutralizatua anbulatoriotik, baina Azitainen hasiko da benetako lehia. Parte-hartzaileek 78 kilometroko ibilbidea osatuko dute: Bergararaino joan-etorria egin, Maltzagatik kostaldera abiatu, eta Deba, Mutriku, Ondarroa, Markina eta Etxeberriatik igarota, 67. kilometroan Urkaregiko (3. maila) mendatea igoko dute. Helmuga Toribio Etxebarria kalean egongo da, 11:40 aldera lehen txirrindulariak iristea aurreikusita.
Antolakuntzak herritarren laguntza eskatu du bidegurutzeak kontrolatzeko eta lasterketa seguruago egiteko. Interesdunek clubciclistaeibarres@gmail.com helbidera edo 943 203 480 telefonora jo dezakete. Halaber, eskerrak eman dizkiete Eibarko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta laguntzaile guztiei.