Udaberri Txapelketa, Gipuzkoako 4 t'erdikoa eta Eibarko Pala Txapelketa Astelena frontoian
Eibarko Klub Deportiboko errendimendu mailako pilotari gazteek eskuz binakako Udaberri Txapelketan jarraitzen dute lehian, eta kadete mailatik gorako federatuek, berriz, Gipuzkoako 4 t’erdiko txapelketari ekin zioten joan den astean. Asteburu honek jarraipena emango dio erritmo bizi horri.
Bihar, apirilak 24, Astelena pilotalekuan izango da arreta gune nagusia. Arratsaldeko 18:30ean hasiko den jaialdian hiru partida jokatuko dira. Lehenengoan, Segurola eta Arriola alebinek Villabonako bikotearen aurka jokatuko dute Udaberri Txapelketako bigarren jardunaldian. Ondoren, Saez eta Lizarralde infantilak ariko dira Eple Errenteriako klubeko bikotearen aurka. Eta jaialdia ixteko, Gipuzkoako 4 t’erdiko Txapelketako bigarren jardunaldiko partida izango da, non Amuategi eibartarrak Tolosako Etxegarairekin neurtuko dituen indarrak.
Larunbatean ere izango da pilota: arratsaldeko 17:00etan, Condek Oiartzungo Olaizen aurka jokatuko du 4 t’erdiko txapelketako beste neurketa batean.
Etxetik kanpo, ordea, egitaraua are zabalagoa da. Kadete mailan, Amillategik Villabonan jokatuko du gaur Iparragirreren aurka, eta Gil ere bertan ariko da larunbatean Iraolaren kontra. Senior mailan, Narvaizak Lazkaon neurtuko ditu indarrak Querejetarekin. Haur mailan, Arrieta eta Agote Zaldibiako bikotearen aurka lehiatuko dira.
Gazte mailan, Del Reyk Azpeitian jokatuko du Arangurenen aurka, eta jubeniletan, Segurolak Azkoitian izango du hitzordua larunbatean goizez. Bestalde, errendimenduko alebinetan, Acha eta Uriarte Oñatin ariko dira Udaberri Binakako Torneoan.
Gomazko paletako Gipuzkoako lehiaketek atseden hartuko duten arren, palistek ez dute geldialdirik izango: igandean, goizeko 9:15etik aurrera, Astelenan jokatuko da Eibarko VI. Pala Txapelketa.