Udako Euskal Unibertsitateak 54. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu
Udako Euskal Unibertsitateak 54. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Baionan. 23 jardunaldi antolatu ditu, hainbat eragilerekin elkarlanean, “hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa bat egiteko asmoz”. Udako ikastaroak arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezala definitu dituzte UEUko arduradunek. Hasiera ekitaldian euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala aztertuko dute, Euskaltzaindiarekin elkarlanean.
Aurtengo Udako Ikastaroek hilabete iraungo dute, ekainaren 11tik uztailaren 10era, eta Euskal Herriko txoko askotara ailegatuko dira: Iruñea, Eibar, Baiona, Tolosa, Usurbil, Bilbo, Gasteiz eta Errenteriara. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 12 euro balioko dute matrikula guztiek, eta matrikula zabalik dago UEUren webgunean (www.ueu.eus). Ikastaroei buruzko informazio guztia ere helbide horretan aurkituko duzue.
