Udal aurrekontuari buruzko irakurketa kontrajarriak
PSE-EE alderdiak eta Bilduk 2012rako aurrekontuen zirriborroari buruz egiten duten irakurketa ezberdina dela agerian geratu da aste honetan bertan bakoitzak egindako adierazpenei jarraotuta. Krisi ekonomikoaren ondorioz, Udaleko gobernu taldeak 2012rako aurrekontuaren zirriborroa aurkeztean aurrekontua “errealista” eta “luxurik barikoa” izango dela aurreratu zuen orain dela egun batzuk: denera 30 milioi euroren bueltan ibiliko da, iaz baino milioi bi eta 2009an baino 10 milioi gitxiagokoa. Inbertsioen atalerako 4’6 milioi aurreikusi dituzte eta kopuru horren erdia ospital berria jasotzeko orubea erosteko erabiltzeko asmoa dute.
Horren aurrean, Bilduk aurrekontuaren ingurukoak jendaurrean azaltzeko bilera bi egin ditu aste honetan bertan. Bilduk aurrekontuaren gainean egiten duen lehenengo irakurketa oso kritikoa da hainbat puntutan: “2012rako aurrekontua Mendiguren y Zarrauak bete zuen lurra erosteak erabat baldintzatzen du, inbertsioaren %50, aurrekontu osoaren %7’5 hor joaten da eta. Politikoen soldatendako 665.000 euro, komisioetara joateagatik 116.900 euro eta alderdi politikoendako 126.900 euro gehiago aurreikusten jarraitzen dute, herritarren parte-hartzea bultzatzeko zegoen 10.000 euroko partida desagertarazten duten bitartean”. Hain zuzen ere, Bilduren proposamena politikoen soldatei lotutakuak murriztearen bidetik doa, beste gauza batzuetarako dirua lortzeko.
Horrekin jakitun, gaur (barixakua, hilak 13) prentsaurrekoan hainbat puntu argitu nahi izan ditu Eneko Andueza sozialistak: “Hasteko, zinegotzien soldaten inguruan duen informazioa modu demagogikoan darabil Bilduk. Gobernu batzordea osatzeko bete barik laga diren liberazio biak kentzeak 120.000 euro aurreztea dakarte eta, horrekin batera, liberatu bariko zinegotziek joaten diren komisio bakoitzeko 300 euro kobratzen dituztela esatean ez dute egia osoa esaten, dieta horiek kobratzeko gehienezko 900 euroko muga dago-eta”.