Udal aurrekontuari zuzenketak aurkezteko batzar irekia deitu du Bilduk
Gaur (martitzena, hilak 14) batzar irekia deitu du EH Bilduk, 19.00etan Portalean (ikastaro gelan). Bertan Bolo Bolo aldizkariaren azken zenbakiarekin batera zabaldu zuten inkestaren emaitzak aztertu eta 2014ko udal aurrekontuari proposatzeko zuzenketak landuko dituzte. Hori dela eta, eibartar guztiak batzarrean parte hartzera animatu nahi dituzte, "Udal dirua, denon kontua parte hartze prozesuan beste urrats bat emanda".
Eibarko EH Bilduko ordezkarien berbetan, "Gabonak aurretik egindako agerraldian adierazi genuen moduan, aurreko urte bietan egindakoaren bidetik 2014ko aurrekontuaren inguruan ere partehartze prozesua abiarazi genuen. Aurten urrats berri bat eman eta Eibarko etxe guztietara inkesta bat helarazi dugu Bolo Boloren azken alearekin batera eta erantzun ona jaso dugu. Orotara ehun lagunetik gorak erantzun dio inkestari. Inkesten erdiak euskaraz jaso dira eta beste erdia gaztelaniaz. Erantzunak ikusita, ziurtatu dezakegu gure proposamenekin guztiz bat datozenek zein guztiz kontra daudenek erantzun dutela, hau da, eibartar multzo zabal baten erantzunak jaso ditugu eta horrek balio handia ematen die emaitzei".
Erantzun horien laburpena egin dute eta gaurko batzar irekian 2014ko udal aurrekontuari emendakinak prestatzeko asmoa dute: "Badaude %50etik gorako atxikimendua jaso duten hiruzpalau proposamen (hau da, 'beharrezkoa da, oso egokia iruditzen zait' erantzuna jaso dutenak) eta horietan oinarrituta ekingo diogu lanar". Bide batez, inkestari erantzun dioten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete.