Udal langileen grebak hainbat udal zerbitzu itxi ditu Eibarren

ELAk eta LABek deitutako lanuzteak eragina izan du udal instalazioetan; besteak beste, Ipuruako kiroldegia itxita dago.
Udal langileen grebak hainbat udal zerbitzu itxi ditu Eibarren
2026/06/04 11:34
Irati Alvarez Malaxetxebarria

ELA eta LAB sindikatuek deituta, greba eguna dute gaur, ekainaren 4an, Euskal Autonomia Erkidegoko udal langileek. Lanuzteak eragina izan du Eibarren ere, eta hainbat udal zerbitzu eta instalazio publiko itxita egongo dira egun osoan. 

Bi sindikatuek udal sektoreko lan baldintzak hobetzea eta Udalhitz hitzarmena berritzea eskatzen dute. Salatu dutenez, udal langileek urteak daramatzate lan baldintzak arautuko dituen akordio berririk gabe, eta diote negoziazioetan ez dela behar adinako aurrerapenik egin.

Greba dinamika apirilean abiatu zuten ELAk eta LABek. Apirilaren 23an bi orduko lanuzteak egin zituzten, eta maiatzaren 14an egun osoko grebara deitu zuten. Sindikatuen arabera, mobilizazio haiek jarraipen handia izan zuten Euskal Herriko hainbat udaletan.

Maiatzaren 29an egindako negoziazio mahaian ez zela aurrerapauso nahikorik eman iritzita, gaurko grebara deitu dute berriro. Sindikatuek EUDELi eta udaletan ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatu diete negoziazioan benetako aurrerapausoak emateko eta udal langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzeko.