Udal zerga eta tasetarako %3,2ko eguneratze orokorra proposatuko du udalaren gobernu-taldeak astelehenean egingo den Osoko Bilkuran

Kirola, hiri-garraioa eta zinema bezalako zerbitzuen tarifak ez dira aldatuko, kiroleko familia-abonua 25 urtera arte zabalduko da eta OHZn hobari berriak sartuko dira.
Udal zerga eta tasetarako %3,2ko eguneratze orokorra proposatuko du udalaren gobernu-taldeak astelehenean egingo den Osoko Bilkuran
2026/09/24 13:51
Silbia Hernandez Arrazola

Udaleko gobernu taldeak 2027rako Ordenantza Fiskalen proposamena aurkeztuko du astelehenean egingo den Osoko Bilkuran. PSE-EE eta EAJ-PNV udal-taldeek landu duten proiektuak udal zerga eta tasetarako %3,2ko eguneratze orokorra planteatzen du, “baina, aldi berean, salbuespen ugari sartzen ditu interes sozial berezikotzat jotzen diren zerbitzuetan”. Azaldu dutenez, “Udalaren finantza-nahikotasuna bermatzeko eta zerbitzu publikoen kalitateari eusteko helburuarekin diseinatu da proposamena, eta, gainera, gizarte-babeserako neurri berriak jasotzen ditu, zerga-onura jakin batzuk zabaltzen, eta batez ere adinekoei zuzendutako baliabide berriak arautzen ditu”. Berritasun nagusien artean daude Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) guraso bakarreko familientzat eta genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktima diren pertsonentzat dauden hobariak, familiako kirol-abonua 25 urtera arte zabaltzea, tutoretzapeko etxebizitzak eta Adinekoentzako Eguneko Arretarako Udal Zerbitzu berria arautzea eta Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga sortzea.

Azaldu dutenez, %3,2ko eguneratze orokorrak KPIaren bilakaera hartzen du erreferentziatzat, eta, udal gobernuaren arabera, fiskalitatea kostuen bilakaerara progresiboki egokitzeko premiari erantzuten dio. Udalak gogorarazi du hainbat urtez bere zerga eta tasen parte handi bat izoztuta eduki duela, baina udal-kontratuen, energiaren, hornikuntzen eta zerbitzuen funtzionamenduaren kostuek izan duten bilakaeraren ondorioz, udalak, duela urte batzuetatik hona, tasak eguneratzeari ekin dio, “pixkanaka eta modu arduratsuan”. 

Jon Iraola Eibarko alkatearen arabera, Ordenantza Fiskalak erantzukizun bikoitz batetik ulertu behar dira: batetik, kontu egonkor batzuk mantentzea eta, bestetik, eskura dauden baliabideak herritarrentzako kalitatezko zerbitzu publikoetarako erabiliko direla bermatzea.  Bere berbetan, “Udal baten ardura da bere diru-kontuak zaintzea, baina baita pertsonak eta hiria zaintzea ere. Kontua ez da soilik zenbat diru biltzen den, baizik eta zer zerbitzu eskaintzeko gai garen baliabide horiekin, zeren Eibarrek zerbitzu publiko indartsuak, eskuragarriak eta kalitatezkoak dituen hiria izaten jarraitu behar baitu”.

Luis Vicente Castellanos Ogasun zinegotziak %3,2ko eguneraketa epe ertain eta luzera begira egindako plangintza ekonomiko batean kokatu du: “Kontu publikoak kudeatzeak erabaki arduratsuak hartzea eskatzen du. Urteetan zergen eta tasen parte handi bat izoztu genuen momentu zailetan herritarrei laguntzeko, baina zerbitzuen kostuak handitzen direnean egoera hori mugagabe mantentzeak, noiz eta zerbitzuen kostuak igotzen direnean, arriskuan jarriko luke zerbitzu horiek mantentzeko dugun gaitasuna”.

Castellanosek argi laga nahi du proposamenak ez duela bereizketarik gabeko igoera planteatzen, eta tasen eguneratzea, salbuespenekin eta babes-neurriekin egingo dela. 
Alberto de la Hoz Gorriti EAJ-PNVren bozeramaileak adierazi duenez, “Udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia bermatuko duten tasak adostu ditugu, kostuak, oro har, gora egiten ari diren testuinguru batean, eta gizarte-babeserako neurriak gehituz”. 

Bestetik, kaleak zikintzen eta hondatzen dituztenen kontrako neurri zorrotzagoak hartuko dituztela ere esan du: “Aurten, kale-garbitasuna errespetatzen ez duten horiek zigortzeko formulak bilatu nahi ditugu. Gure kaleetako mantentze-lanen kostua gero eta handiagoa da, eta hori neurri handi batean batzuen portaerek eragindakoa da. Horregatik, hitz ematen dugu garbitasunarekin lotutako portaera desegokiengatik jarritako isunen zenbatekoa igoko dugula”.