Udala Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailarekin bilduko da, gure herriko langabezia-tasa murrizteko neurriak hartzeko
Azaldutakoari jarraituz, ekintza horiek, alde batetik, kontratazioa sustatzeko programa eta neurrietan eta, bestetik, Eibarko langabeen lanbide-heziketan gauzatu dira. 2023an, enpresentzako zuzeneko laguntzak 323,880 eurokoak izan ziren, eta 33 pertsona kontratatu ziren. Gainera, Udalak 17 pertsona gehiago kontratatu zituen proiektu espezifikoak gauzatzeko.
Nabarmendu zutenez, iaz funtsezko ekimenetako bat Lanbidek Eibarko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailarekin eta Pertsonaleko Sailarekin batera sustatutako urteko programa izan zen: “Programa honen bidez, bi kontratu motatarako dirulaguntzak kudeatzen dira: Eibarko langabeak kontratatzen dituzten enpresentzako zuzeneko laguntzak eta Udalak pertsonak zuzenean kontratatzea. Laguntza horien bidez, enpresa-sektorearen eta tokiko gobernuaren arteko lankidetza sustatu nahi izan zen, hirian enplegu-aukera gehiago sortzeko”.
Vanesa Hortas zinegotziak azpimarratu zuenez, “dagoen eskari handia eta tokiko enpresek erakutsitako interesa ikusita, handitu egin dugu enplegua sortzeko laguntzetara bideratutako kreditua. Argi laga behar da udal batek eskumen gutxi dituela enpleguaren arloan, baina, hala ere, lagundu egin behar dugula uste dugu. Horregatik, ahal dugun neurrian, eta gure eskumenen barruan, gure hirian langabezia murrizten lagunduko duten ekimen berrien alde lanean jarraituko dugu”. Alde horretatik, Eibarko langabetuak kontratatzen dituzten enpresentzako zuzeneko laguntzek tokiko lan-merkatuan eragin nabarmena izan zutela diote: “Guztira 323.880 euroko aurrekontuarekin, tokiko enpresek 33 langabetu kontratatzea erraztu zen”.
Udalaren zuzeneko kontratazioari dagokionez, 2023an zehar hainbat proiektu jarri ziren abian, arlo desberdinetan: administrazio-laguntza, instalazioen mantentze-lanak, hiri- eta gizarte-hobekuntzak, besteak beste. Zinegotziaren berbetan, “kontratu horiek lanpostu eta zeregin ugari hartzen dituzte, eta guztira 17 langaberi eman zien lan egiteko aukera”. Neurri horiez gain, Eibarko Udalak enplegurako prestakuntza-programak ere aktiboki sustatu ditu, hainbat entitate eta erakunderekin lankidetzan.
Otsaileko langabezia-datuak ikusita, Jon Iraola alkatea kezkatuta agertu da: “Enplegu-galerak ez die soilik pertsonoei eta haien familiei eragiten, hiriaren bizitasun ekonomiko eta sozialean ere eragiten du. Udalak, orain arte bezala, bere esku dagoen guztietan egiten jarraituko du egoera horri aurre egiteko”.
Gaineratu zutenez, laster bilduko dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailarekin, “egoera aztertzeko eta, lehenbailehen, egoera arintzeko neurri eraginkorrak hartzeko. Funtsezkoa da eremu publikotik elkarrekin lan egitea, bakoitzak bere eskumen-esparrutik, egoera bideratzeko”.