Eibarko 1 Barrutia tentsio handiko eremu izendatzeko diagnostikoa eta ekintza-plana abiarazi ditu Udalak

Eibarko 1 Barrutia tentsio handiko eremu izendatzeko diagnostikoa eta ekintza-plana abiarazi ditu Udalak
2026/01/09 13:30
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Azken bost urteetan 1 Barrutian alokairuaren prezioa %20,3 igo dela eta ezarritako lege-atalasearen gainetik dagoela ikusita, barrutia tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egin nahi du Eibarko Udalak. Horretarako, hilabeteko iraupena izango duen diagnostiko eta ekintza-plan batean lanean hasi dela jakinarazi du. Bestalde, Udalerriak bere osotasunean tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen ez dituela nabarmendu du.

Udalak azaldu duenez, azterlana IKEl Research & Consultancy aholkularitza-enpresarekin batera egingo da, eta maiatzaren 12ko 24/2023 Legeak ezartzen dituen irizpideei jarraituko die.

Udalak bultzatutako proiektuak helburu bikoitza du: alde batetik, etxebizitzaren egoerari buruzko diagnostiko eguneratua egitea —ikuspegi demografiko, sozioekonomiko eta merkatukoa kontuan hartuta—, eta, bestetik, datozen hiru urteetarako ekintza-plan zehatza diseinatzea, esku-hartze eraginkorrak bideratzeko.

Proiektua hiru fasetan garatuko da: lehenik, diagnostiko teknikoa egingo da; bigarrenik, udaleko hainbat sailek parte hartuko duten ekintza-plan parte-hartzailea landuko da; eta, azkenik, justifikazio-memoria idatziko da, Eusko Jaurlaritzari 1 Barrutia tentsio-eremu izendatzeko eskaera formala aurkezteko oinarri gisa.

Azterlanaren jarraipena hamabostean behin egingo da, eta dokumentazioa euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztuko da. Azkenik, Udalak adierazi du genero-ikuspegia eta irizpide sozialak proiektuaren fase guztietan txertatuko direla.