Udalak aurtengo sanjuanetako programazioa aurkeztu du

Azken urteotako martxan, ekaina osoa hartuko du San Juan jaietarako egitarauak aurten ere. Jon Iraola alkateak eta Andoni Zabala Kultura zinegotziak gaur goizean egin dute programazioaren aurkezpena.
2025/05/27 18:02
eta kitto!

Ekitaldian, aurtengo kartel lehiaketako irabazleak eman dituzte ezagutzera: aurtengo sanjuanetako irudi ofiziala Ruben Lucas Garciak aurkeztutako "Kontzeptua” izenekoa izango da. Udalak antolatzen duen kartel lehiaketan, 11-14 urte bitartekoen kategorian, Ane Plaza Ubera saritu dute, "Gau pasan ondo pasa" kartelarengatik; eta 10 urtetik beherakoen kategorian Mara Ruiz Barroso, “Dultzainak jotzen” lanarengatik. Eta pegatina lehiaketako irabazlea Miren Arroitajauregi Ibañez de Aldecoa izan da, “Pixka bat aski o da” lanarekin.

Aurreratu dutenez, ekainaren 5ean hasiko dira ospakizunak, Coliseo antzokian eskainiko dituzten antzezlanekin eta Nele Dantza eta KOA Dantza taldeen ikuskizunekin.

Hurrengo egunean (ekainak 6) Astelena frontoiak boxeo-emanaldi bat hartuko du, Ttatt Gimnasioak antolatuta, eta egun berean Ipuruako Kiroldegiak Igeriketako San Juan XXXVI. saria hartuko du. 

Ekainaren 7an, Minbiziaren Aurkako Martxa abiatuko da Untzagatik. Gauean, berriz, Maite Lorenzok zuzendutako poesia-emanaldia egingo da Ibarkurutzeko iturrian eta, horrekin batera, Oskar Martinezen eskutik Los 40 Session musika-saioa egingo da.  

Ekainaren 8an, Isabel Laspiurren ikasleek piano-kontzertua emango dute Coliseo antzokian, eta Casino Artista Eibarres elkarteak San Juan IV. Billar Txapelketaren semifinalak eta finala antolatu ditu. 

Ekainaren 11n, Coliseo antzokian Estidantza ikuskizuna aurkeztuko dute. Handik bi egunera, ekainaren 13an, Dantzari Eguna egingo da Untzagan, Eibarko Klub Deportiboko Kezka Dantza Taldeak antolatuta. Coliseo antzokian, berriz, KOA Dantza taldearen emanaldia egongo da.

Ekainaren 14an, Unbeko foball-zelaian, “Eibarko IPQ futbol 7 IV. txapelketa” jokatuko da, eta Ipuruako bolatokian Eibarko Hiria XXXVII. Bolo Txapelketa. Untzaga plazan antzerkia egongo da, Zirko Txoskoren “Tavole” kale-ikuskizunarekin, eta Errebal Plazan Break Dance eta New Style dantza-modalitateen X. Txapelketa jakoatuko da. Ondoren, musika elektronikoa eta DJak egongo dira Untzagan.

Ekainaren 15ean, Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako txirrindularitzaren LXXXVIII. San Juan Sari Nagusia, jubenil mailako lasterketa jokatuko da. Eta Untzagan Donostiako Orfeoiak kontzertua emango du, Usartza Txistulari Bandarekin, eta metal-tresnekin batera.

Ekainaren 18an eta 19an, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako kontzertuak aurkeztuko dituzte Coliseo antzokian, eta Untzagan Ipuruako Gimnasia Erritmikoko Klubaren erakustaldia egingo da. Gainera, puzgarri-parkea egongo da haurrentzat, Flybblek drone soccer bezalako beste jarduera batzuekin batera.

Ekainaren 20an, Ipuruako Kiroldegian squasheko Eibarko Hiria XXI. Sariaren azken fasea jokatuko da. Jarraian, Coliseo antzokian, Ballet Eibarres taldearen emanaldia izango da, eta gauean Kokein eta Süne taldeek kontzertua emango dute, Untzaga plazan. Gauean prebentzioari buruzko informazio-karpa jarriko da, eta Ai Laket programakoek testing-a egingo dute. 

Ekainaren 21ean, Eibar Hiriko XXI. Squash sariaren oinarrizko koadroa Ipurua Kiroldegian jokatuko da, eta Errebal plazan, berriz, Odisea Elkarteak jokoen simulazio tailerra eskainiko du. Coliseo antzokiak Untzaga gizarte zentroko abesbatzaren emanaldia hartuko du eta, egunari amaiera emateko, Untzaga plazan Seguridad Social taldearen kontzertua egongo da. Ondoren, Santiago Eibarko DJ gazteak emanaldia eskainiko du, Untzagan bertan. Eta ekainaren 22an, blues kontzertua eskeiniko du Sherley Davies abeslari britaniarrak. 

Txosnagunerako, Jaixak Herrixak Herrixandako kolektiborekin lankidetzan, Sukena, Pertala, Skabidean, The Lio eta Jon Koldo Gudariak taldeen kontzertuak antolatu ditu Udalak. 

Ekainaren 23an, San Juan egunaren bezperan, ohiko ekitaldiak egingo dira: later-tiroketaren Eibarko Sari Nagusia Arraten, Usartza Txistulari Bandaren San Juan zortzikoa, kuadrillen kalejira Ustekabe fanfarrearekin, Lizarrako dultzaineroei harrera, pregoia, txupinazoa, kuadrillen jolasak, klarion-tailerrak, haurrentzako puzgarriak, kale-antzerkia Trapu Zaharra taldearekin, bezperako meza eta Salbea Karmengo elizan, kalejira Irulitxa fanfarrearekin, haurrentzako txokolatada, Danborrada, Nele Dantzaren emanaldia, San Juan sua, Galiziako Etxearen queimada, San Juan ereserkia, Danborrada Alardea, eta berbena, Lisker taldearekin. 

San Juan egunean (ekainak 24), Lizarrako dultzaineroak kalez kale ibiliko dira goizean-goizetik, eta Azitaingo elizan San Juan sorbak bedeinkatuko dituzte. Untzaga plazan “Joko Erraldoiak” egongo dira, haur-parkea Kulturmagic-ekin, eta Karmengo elizan Meza Nagusia ospatuko dute, San Andres Parrokiako Koruaren partaidetzarekin.   Horrez gain, beste hamaika jarduera antolatu dituzte: familiarentzako antzerki Adrian Conderekin, Eibarko Cielito Musika Bandaren kontzertua, makro-ginkana koadrilentzat Itzamnaren eskutik, DJ Xaibor Zuloagatarreneko parkean, haurren danborrada, kalejira Latuna Bando txarangarekin, haurrentzako txokolatada, pregoia eta alardea, erromeria Jainaga eta Narbaizarekin, soka-dantza Kezka Dantza Taldearekin eta Usartza Txistulari Bandarekin, su artifizialak Pirotecnia Global Foc-ekin, eta berbena Jamaica Show orkestrarekin. 

Ekainaren 25ean, kalejira eta diana egingo dituzte Lizarrako dultzaineroek, eta Untzagan XXX. San Juan Marmitako Lehiaketa jokatuko da.  Haur-jolasak egongo dira, Astixarekin; puzgarrien haur-parkea, Jokairekin; Iruñeko Buztintxuriko konpartsako erraldoi eta buruhandien kalejira, Lizarrako Dultzaineroekin; kale-antzerkia, Markeliñerekin; …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako Euskal Jaialdia; haurrentzako txokolatada; "Once upon a time” kontzertu berezia, Eibarko Musika Bandarekin; eta su artifizialak, Vulcano pirotekniaren eskutik.