Udalak auzo bilerak egingo ditu herritarren proposamenak jaso eta martxan dauden proiektuak partekatzeko

Lehen saioa azaroaren 18an izango da Coliseoan, eta abenduaren 3ra arte egingo dira bilerak auzoz auzo
Udalak auzo bilerak egingo ditu herritarren proposamenak jaso eta martxan dauden proiektuak partekatzeko
2025/11/17 13:30
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak auzo-bileren ziklo berri bati ekingo dio hilabete honetan, udalaren eta herritarren arteko harreman zuzena indartzeko helburuarekin. Egungo kezkak eta proposamenak ezagutzeaz gain, auzo bakoitzean martxan dauden proiektuak partekatzeko espazio gisa antolatu da ekimena.

Lehen bilera azaroaren 18an izango da, martitzenean, 18:30ean, Coliseoan, erdialde-ekialdeko bizilagunentzako. Hurrengo hitzordua azaroaren 19an izango da, 18:30ean, udaletxeko pleno aretoan, erdiguneko eta Legarreko auzokideei zuzenduta.

Ondorengo astean Amaña eta Urki izango dira protagonista: Amañako bilera azaroaren 25ean egingo da, 19:00etan, parrokian; Urkikoa, berriz, azaroaren 26an, 19:00etan, auzoko parrokian. Abenduaren 1ean Beheko Tokiko batzarra egingo da, 18:30ean, eta zikloa abenduaren 3an amaituko da Ipuruako Jubilatuen Etxean, 18:30ean.