Udalak bere esku dauden ekintza kulturalak bertan behera utzi eta udal-instalazioak itxi ditu

Udalak bere esku dauden ekintza kulturalak bertan behera utzi eta udal-instalazioak itxi ditu
2020/03/13 11:07
eta kitto!
Gaur eguerdiko 12:00etan hasita eta hamalau egunez, Eibarko Udalak bere eskumeneko ekintza kulturalak eta aisialdiko ekintzak bertan behera utzi ditu, eta udal-instalazioak itxi ditu koronabirusari aurre egiteko. Miguel De los Toyos alkateak prentsaurrekoak adierazi duenez, Debabarreneko ESIaren arabera atzo gauean ez zegoen koronabirus kasurik Eibarren, “baina, hala ere, prebentzio neurriak hartu behar ditugu”.

Azken egunotan Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien harira (ikastetxeak eta jubilatuen etxeak ixtea), Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Eibarko herriari dagozkion erabakiak hartu ditu. “Atzo goizean eta arratsaldean mahai teknikoa bildu zen eta hainbat neurri hartu genituen, eta gaur goizean berretsi ditugu. Udaleko alderdi guztion batasunarekin eta aho batez onartutako neurriak dira”, azaldu du alkateak.

Udalak hartutako neurrien berri emateaz gain, herritarrei ardura sozialarekin jokatzeko eskatu die alkateak, eta oso beharrezko tramiteak egiteko ez bada, ez daitezela udaletxera joan. “Guk ere, bilerak ahalik eta gehien murriztuko ditugu Udaletxe barruan”, zehaztu du.

Udalak eta beste erakunde publikoek hartutako neurriek, “herritarren ardurarekin batera”, gaixotasuna ez hedatzeko eta Eibarren koronabirus kasurik gabe jarraitzeko balioko dute.

 

HARTUTAKO NEURRIAK

1- Udalaren esku dauden ekintza hauek bertan behera geratuko dira: Zeramika Eskola, Liburutegia, Marrazketa Eskola, Museoa, Musika Eskola, Liburutegia, Ludoteka, Afariketan, Udal Euskaltegia, Gaztelekua eta Astelenako Txiki-parka. Era berean, Azitaingo Lantegi Eskola ere itxi egin dute.

2- Udalak antolatutako ikastaro guztiak bertan behera geratuko dira, baita Antzerki Jardunaldiak ere. “Jardunaldiak bertan behera geratuko dira, baina etorri behar ziren antzezlanak beste data batzuetan etortzen saiatuko gara”, esan du alkateak. Dena dela, Jardunaldietarako eta beste ekintzetarako sarrerak erosita zituztenei dirua itzultzeko prozedurak jarriko dituzte martxan.

3- Coliseo antzokia itxi egingo dute. Beraz, zine emanaldiak eta bertan egin behar ziren ekintza guztiak bertan behera geratuko dira.

4- Eguaztenetako merkadilloa bertan behera geratuko da.

5- Bide publikoko okupazioei dagokienez, ostalariei terrazak kentzeko eskatuko diete. Horrela, terrazak jartzeko ordaindu behar dituzten tasen zati proportzionala itzuliko edo hurrengo denboraldian deskontatuko diete. “Ez dugu tabernak ixteko eskumenik, baina herritar guztiei eskatzen diegun bezala, ostalariei ere arduraz jokatzeko deia egiten diegu”.

6- Kirol-instalazioak (Ipurua eta Orbea kiroldegiak, Unbe eta Astelena frontoia) itxiko eta bertan egin beharreko ekintzak bertan behera utziko dituzte.

7- Udaletxe barruan, bestetik, metakrilatozko pantailak jarriko dituzte jende asko ibiltzen den tokietan, adibidez, Gizarte Zerbitzuen sailean eta Pegoran. Gainera, gel antibakterianoa duten tresnak jarriko dituzte Pegorako sarreran.

8- Udaletxean, herriko toki jakin batzuetan eta pegora guztietan kartel informatiboak jarriko dituzte hartu beharreko higiene neurriekin eta Udalak hartutako erabaki guztien laburpenarekin.