Eibarko Udalak haurreskola berrietan duen kudeaketa kritikatu du EH Bilduk

Eibarko Udalak haurreskola berrietan duen kudeaketa kritikatu du EH Bilduk
2026/02/03 13:47
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak haurreskola berriak kudeatu eta iragartzeko izan duen modua kritikatu du EH Bilduk. Koalizio subiranistaren ustez, bi haurreskolen obrak amaitu izana berri ona bada ere, gobernu-taldea ez dabil gaia “merezi duen errespetu eta gardentasunarekin lantzen”.

Azaldu dutenez, oposizioak obren amaieraren berri obren batzordean galdetu ondoren bakarrik izatea “onartezina” da EH Bildurentzat. Era berean, are okerragotzat jo dute familiek obren amaiera sare sozialen bidez jakin izana. Familien eskariz, gobernu-taldea hainbat familiarekin elkartu zen iraila eta urte amaiera bitartean; orain, ordea, obren amaieraren iragarpena sare sozialen bidez jakiteak Udalak familiekiko zein oposizioarekiko duen “komunikazio falta” agerian uzten duela dio koalizioak.

EH Bilduk gogorarazi duenez, ikasturtea hasita egon arren, herriko haur askok oraindik ez dute Haurreskolan plazarik eta, ondorioz, familia asko zaintza arrazoiengatik eszedentzian daude, senideak haurrak zaintzen ari dira edo seme-alabak beste herri batzuetan matrikulatu behar izan dituzte. Egoera hori kontuan hartuta, familiek behar bezala eta zuzenean informatuak izatea merezi dutela uste du koalizioak.

Bestalde, bi haurreskola berriei esker plaza gehiago sortuko badira ere, EH Bilduren iritziz ez dira nahikoa izango egungo beharrei erantzuteko. “Kontuan hartuta Eibarren urtean gutxi gorabehera 180 haur jaiotzen direla, uste dugu plaza hauek ez direla nahikoak izango”, adierazi dute. Gauzak horrela, udal gobernuari “benetako beharren” azterketa bat egin dezala eta eskaintza “lehenbailehen” handitzeko lanean has dadila eskatu diote.

Azkenik, EH Bildutik adierazi dute prest daudela gobernu-taldearekin elkarlanean aritzeko. Gogorarazi dute 2023tik ari direla hori eskatzen, Haurreskolen zerbitzua doakoa bihurtu zenetik, eta azken hiru urteetan plaza berriak irekitzeko zuzenketak aurkeztu dituztela. Halaber, kritikatu dute kudeaketa berandu egin dela eta gaitutako lokalek ez dituztela beharrezko baldintza guztiak betetzen, besteak beste, sarrera-gune eta kanpo-espazio egokiak falta direlako.