Udalak euskara sustatzeko jarduera eta programatarako 420.896 euro aurreikusi ditu, iaz baino %37 gehiago
Zenbateko horretatik 200.000 euro …eta kitto! Euskara Elkarteak urtean zehar egiten dituen argitalpen eta jardueretarako izango dira: “Zehazki, 100.000 euroko inbertsioa aurreikusi da …eta kitto! astekariaren argitalpena diruz laguntzeko, 2022ko ekitaldian baino 40.000 euro gehiago. Horiei beste 50.908 euro gehitu behar zaizkie …eta kitto! Euskara Elkartearen Berbetan mintzapraktikarako programarako; 29.050 euro atzerriko eta Eibarko pertsonen arteko bizikidetza sustatzeko ‘Ongi Etorri’ programarako (iazko ekitaldian baino 17.430 euro gehiago); 15.000 euro Txikitto umeen aldizkaria argitaratzeko (iaz baino 1.500 euro gehiago); eta 5.000 euro …eta kitto! elkarteak antolatutako tailer eta hitzaldietarako”.
Era berean, 48.000 euro jarri dira Eibarren Akebai plataformarako (2022an baino 7.200 euro gehiago); 30.000 euro Eibarko AEK-rentzat, helduak euskalduntzeko, iaz baino 5.100 euro gehiago; 2.769 euro Hankamotxak bertsolaritza-eskolarako; 1.366 euro Badihardugu programarako, hitzezko ondarea jaso, ikertu eta hedatzen laguntzeko; eta 13.847 euro Debabarreneko euskarazko komunikabideen taldea (DKT, Debabarrena Komunikazio Taldea) bideratzeko (iaz 2.129 euro inbertitu ziren horretan).
Azaldu dutenez, aurten beste programa berri bat ere egongo da, “Udalak euskara sustatzeko aurreikusia zuen inbertsioa gehituko duena”. Izan ere, Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik “Eibar Hiri Hezitzaile” izeneko programa berritzailea abiatuko da, eta horretarako 15.000 euro ipini dira.
Gainerako 109.915 euroak, 420.896 euroraino, Udalak berak zuzenean bultzatutako ekimenetarako jarritako partidetan banatzen dira (2022an inbertitutakoa baino 23.000 euro gehiago izango dira guztira).
Patxi Lejardi zinegotziaren berbetan, “atal honetan, honako jarduera eta ekimen hauek sartzen dira: familian euskararen transmisioa zaintzeko eta erabilera gehitzera zuzendutako ekintzak (material ludikoen inguruko gidak, Gabonetako katalogoa edo hizkuntza-gomendioak emanez); ikastetxeetan euskara erabiltzeko bultzatutako ekimenak (errefortzu-saioak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, ahozkotasuna lantzeko programak, zinea euskaraz, motibazioa lantzeko egitasmoak maila guztietan …); edo Eibarrera etorri berri diren atzerritarrak euskarara gerturatzeko egitasmoak (Aisa ikastaroak, umeentzako errefortzu-saioak”.
Laguntza horien artean daude, halaber, aisialdian euskararen erabilera areagotzeko laguntzak (hala nola, kirol-klubei euskarazko planak egiteko laguntza teknikoak); merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia sustatzeko dirulaguntzen deialdia; prestakuntza euskaraz jasotzeko dirulaguntzak (UEUn ikastaroak egiteko % 50eko laguntza barne); Juan San Martin Beka (aurten, euskarazko ikerketa sustatzeko bekak 16. deialdia beteko du); eta euskararen aldeko kanpainak, Euskaraldia, Korrika edo Euskararen Eguna.
Alkateak nabarmendu duenez, “euskara bultzatzeko diru-kopuru horiek argi eta garbi islatzen dute Udalak hartutako konpromisoa, ez bakarrik euskararekin zerikusia duten ekimenak bultzatzeko, baita Eibarren euskararen erabilera gehitzen laguntzen duten entitateek sustatutako programei laguntzeko konpromisoa ere. Laguntza hauen adibide bat …eta kitto! aldizkariari emandako dirulaguntzetan dugu, euskarazko tokiko hedabide bakarra delako; beraz, inbertsio-ahalegin handia egiten jarraitzen dugu entitate horri emandako laguntza izendunetan”.
Iraolaren berbetan, “Eibarren egindako euskararen erabileraren azken neurketatik ateratako datuen arabera, %13an mantendu da. Horregatik, Udalean argi daukagu oraindik bide luzea dagoela egiteko, eta uste dugu, alde horretatik, euskararen arloan egiten ditugun inbertsioak ekarpen garrantzitsua direla gure kaleetan euskararen erabilera gehitzeko helburua lortzeko”.