Udalak haurreskoletako plazen eskaera aztertzeko inkesta abiarazi du
Eibarko Udalak inkesta bat abiarazi du herriko haurreskola publikoetan dauden plazen egungo eta etorkizuneko eskaera ezagutzeko. Udalak plazarik lortu ez zuten guraso taldearekin eginiko bileratik ateratako konpromisoa da honakoa. Ekimenaren bidez gurasoen beharrak zuzenean jaso nahi dituzte, horrela “lehen haurtzaroari zuzendutako udal baliabideen planifikazioa hobeto egiteko”.
Inkesta online bidez bete daiteke eta azaroaren 23ra arte egongo da zabalik. Inkestari esker haurreskola-plaza zenbat familiak behar duten, zein auzotan eta zerbitzuek zer ezaugarri dituzten (ordutegiak, hurbiltasuna, eta abar) identifikatu nahi du udalak.
Udalak jakinarazi duenez, bildutako datuak Alkatetzak aztertuko ditu, eta haurreskolen arloan etorkizunean bultzatu beharreko neurriak eta ekintzak planifikatzeko oinarri gisa erabiliko dira.
Gauzak horrela, haurtzaindegi adinean dauden haurrak dituzten Eibarko familia guztiak inkestan parte hartzera eta beren iritzia ematera gonbidatu ditu Udalak.
Ondorengoa da inkestaren esteka zuzena: https://formularioak.eibar.eus/eu/haurtzaindegiplaza/