Udalak herriko hiru lorategi berritu eta hobetuko ditu 29.000 euroko inbertsioarekin

Ziriako Agirre-Artegieta-Bustindui, Rialto eta Mogel inguruko berdeguneetan egingo dituzte lanak, espazioen kontserbazioa, funtzionaltasuna eta irudia hobetzeko helburuarekin.
Udalak herriko hiru lorategi berritu eta hobetuko ditu 29.000 euroko inbertsioarekin
2026/07/20 12:52
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak herriko hiru lorategi berritu eta hobetzeko lanak esleitu ditu, berdeguneen mantentzea indartu eta espazio publikoen kalitatea hobetzeko helburuarekin. Lanak Jon Imanol Iturbe enpresak egingo ditu, eta 29.055,91 euroko (BEZa barne) aurrekontua izango dute.

Jarduketak Ziriako Agirre, Artegieta eta Bustindui kaleen arteko lorategian, Bidebarrietako Rialto kanpoko lorategian eta Mogel inguruko berdegunean egingo dira. Horietatik, 7.012,87 euro bideratuko dira Ziriako Agirre-Artegieta-Bustindui inguruko lorategira, 5.593,67 euro Rialtokora eta 16.449,37 euro Mogelekora.

Udalak azaldu duenez, lanen artean lurra egokitzea, sastrakak kentzea eta berdeguneak berritzea aurreikusten da. Horrez gain, lorategien mantentzea hobetzeko sistemak jarriko dituzte, eta zuhaitz, zuhaixka eta landare apaingarri berriak landatuko dituzte, espazio horien biodibertsitatea eta irudia hobetzeko. Halaber, landare-azala bezalako dekorazio-elementuak gehituko dituzte eta, beharrezkoa denean, dauden landareak berrantolatuko dituzte.

Jon Iraola alkatearen esanetan, "berdeguneak zaintzea funtsezkoa da herriko bizi-kalitaterako", eta horrelako jarduketek "herritarrentzat atseginak eta ondo zainduta dauden espazioak izateko konpromisoa" indartzen dute. Pedro Escribano Zerbitzuetako zinegotziak, berriz, nabarmendu du hobekuntza horiei esker kontserbazio-egoera hobea eta ingurune erakargarriagoa izango dituztela lorategiek.