Udalak indartu egin du gazteekin egiten den esku-hartze goiztiarra ‘Kale proiektua’ programaren bidez

10 eta 18 urte bitarteko arriskuan dauden nerabeekin lan egiten du programak, haien gizarteratzea eta komunitatean txertatzea sustatzeko.
Udalak indartu egin du gazteekin egiten den esku-hartze goiztiarra ‘Kale proiektua’ programaren bidez
2026/05/25 12:21
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak indartu egin du ‘Kale proiektua’, arrisku egoeran dauden 10 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei laguntzeko programa. Ekimenak gizarte eta hezkuntza arloko laguntza eskaintzen du, gazteen gizarteratzea eta komunitatean txertatzea errazteko.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek bultzatutako programa da ‘Kale proiektua’ eta ikastetxeekin, Udaltzaingoarekin, elkarteekin, udal zerbitzuekin eta familiekin koordinatuta garatzen da.. Prebentzioa, hezkuntza-laguntza eta erakundeen, familien eta hezkuntza-komunitatearen arteko lankidetza uztartzen ditu. Udalak azaldu duenez, helburua da nerabeei kalean, banaka eta taldeka gertuko laguntza ematea eta haien garapen pertsonal eta soziala indartzea, arrisku egoerak areagotu aurretik esku hartuta. Horrela, familia eta eskola inguruko harremanak hobetu eta autonomia zein parte-hartzea sustatu nahi dira.

Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi du esku-hartze goiztiarra “lehentasun estrategikoa” dela udal gobernuarentzat, eta nabarmendu du programak aukera ematen duela gazteen ondoan egoteko eta haien garapenean modu hurbilean laguntzeko.

Jon Iraola Eibarko alkateak, bere aldetik, azpimarratu du halako ekimenek gizarte kohesioa indartzen dutela, eta gazteei laguntza goiztiarra ematea funtsezkoa dela komunitate sendo bat eraikitzeko.