Udalak Kirol Merezimenduaren Sariak emango ditu bihar Unben
Herriko klub eta kirolariei aitortza egiteaz gain, Mikel Zabalari omenaldi berezia eskainiko diote
2025/07/04
12:10
eta kitto!
Unbeko beheko zelaia galaz jantziko da bihar, 12:00etan, Kirol Merezimenduaren Sariak banatzeko. Ekitaldi horren bitartez, Eibarko Udalak herriko kirol-kluben eta kirolarien lana eta dedikazioa publikoki aitortu nahi ditu, “denborarekin oinarritik eraiki baitute herriko kirol-ehuna”, euren berbetan.
Sariez gain, Udalak omenaldi berezia eskainiko dio eskubaloia laga behar izan duen Mikel Zabalari. “Tokiko eskubaloiaren ikur den eibartarrari errekonozimendua egingo zaio bere kirol-ibilbidean izan duen dedikazioagatik, urteetan zehar gorputz eta arima aritu da-eta. Ondo merezitako txaloak jasoko ditu”, dio Udalak.
Jürgen Landa musikari eibartarrak girotuko du biharko saioa eta, ondoren, luntxa egongo da Unbeko tabernan.