Udalak lizitaziora atera du Ipuruako kanpoko igerilekuetako tabernaren gestioa
Eibarko Udalak lizitaziora atera du Ipuruako kanpoko igerilekuetako tabernaren gestioa, 2025eko udako denboraldirako. Lizitazioaren oinarrizko kanona 875 euroan ezarri da, ustiatzeko epea ekainaren 7tik irailaren 28ra bitartean izango da.
Tabernaren ordutegia hauxe izango da: ekainaren 7tik uztailaren 31ra arte, 11:00etatik 20:30era; abuztuaren 1etik 31ra, 11:00etatik 20:00etara; eta, irailaren 1etik 28ra bitartean, 11:00etatik 19:00etara.
Kontratazio-jardueraren gaineko informazioaren gardentasuna eta sarbide publikoa bermatze aldera, Udalak, bere web-orriko (www.eibar.eus) Kontratatzailearen Profilean, herritarren eskura jarri ditu prozedurarekin lotutako xehetasun guztiak eta baldintza-pleguak.
Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, “zerbitzu hau aukera ezin hobea da ekintzaileek kalitatezko arreta eskain dezaten uda partean jende asko ibiltzen den inguru batean”.