Udalak Orbea kiroldegiko mantentze-zerbitzua lizitatu du

Kontratuak 105.270 euroko aurrekontua izango du, eta 2027 amaierara arteko mantentze-lanak hartuko ditu.
Udalak Orbea kiroldegiko mantentze-zerbitzua lizitatu du
2026/07/08 10:49
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak Orbea kiroldegiko mantentze-zerbitzurako kontratu berriaren lizitazioa onartu du. Kontratuak 105.270 euroko aurrekontua izango du (BEZa barne), eta 2026ko irailaren 21etik 2027ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

Zerbitzuaren helburua kiroldegiko instalazioak egoera onean mantentzea da, mantentze-lan prebentibo eta zuzentzaileen bidez. Horrela, espazio eta ekipamendu guztien segurtasuna, kontserbazioa eta erabilera egokia bermatu nahi ditu udalak.

Lizitazioak hainbat zerbitzu ere jasotzen ditu, besteak beste, instalazioen aireztapen egokia, aldageletako ur beroaren hornidura, kirol-jardueretarako beharrezko argiztapena eta igerilekuak zein spa gunea higiene-, osasun- eta tenperatura-baldintza egokietan mantentzea, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Udalaren arabera, kontratu berriaren bidez Orbea kiroldegiaren eguneroko funtzionamendua indartu nahi dute, instalazioak baldintza egokietan mantenduz eta erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko.