Udalak “Planetaren ordua” ekimenarekin bat egin eta argiak itzaliko ditu zapatuan
2017/03/24
12:58
eta kitto!
Eibarko Udalak Planetaren ordua ekimenarekin bat egingo du lehenengoz eta bihar, 20:30etik 21:30era, udaletxeko erlojuko eta arkupeetako argiak itzali egingo ditu, klima aldaketaren aurkako borrokaren adierazgarri gisa. Hori eginda udalak herritarrek gai horren inguruan kontzientzia hartzea bilatzen du, energia aurreztea planetari laguntzeko ohitura ona dela konturatu daitezen. Horregatik mundu mailako eragina izango duen ekimenarekin bat egitera animatu nahi ditu eibartar guztiak. Iaz 178 herrialdetako 10.000 hiri baino gehiagok hartu zuten parte. Kanpaina hau WWF (Munduko Natura Funtsa) elkarteak sustatutakoa da eta Nazio Batuen erakundeen babesa du. Ekimena Australian, Sydney hirian sortu zen 2007. urtean eta, hamar urte geroago, ingurumenaren aldeko ekimenik entzutetsuena bilakatu da. Mundu osoan etxe zein eraikin publikoetako argiak ordubetez itzaltzeko deiari erantzun nahi dioten herritar, enpresa eta erakunde guztiek www.horadelplaneta.es webgunean sartuta egin dezakete bat ekimenarekin.