Udalak Star-ek egindako gama altuko eskopeta bat erosi du Armagintzaren Museoarentzat

Udalak Star-ek egindako gama altuko eskopeta bat erosi du Armagintzaren Museoarentzat
2024/01/31 16:55
eta kitto!
Armagintzaren Museoak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren finantzaketari esker, Star Bonifacio Echeverria SA fabrikak 80ko hamarkadaren amaieran egin zituen gama altuko hamar eskopetetako bat erosi du 30.000 euroren truke. Arma gaur erakutsi dute museoan, eta Jon Iraola Eibarko alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Andoni Zabala Kultura zinegotzia egon dira ekitaldian.

Udalaren berbetan, “une hartako artisau onenek egindako lana bikaina da. Kalitate goreneko intxaurraren zura eta Patricio Echeverria Lantegiko altzairua bezalako materialez gain, arma honek Lucas Alberdi eibartar artistak eskopetaren elementu guztiak hornitzeko erabili zuen damaskinatuaren aberastasunari eta ugaritasunari zor dio bere balioa: kanoiak, esku-babesgarria, pletinak eta baskula”. Alberdi Aranzabalen sinaduraren arabera, damaskinatu-lanak 1983an egin ziren.

Lucas Alberdi 14 urterekin hasi zen damaskinatuan aprendiz gisa lanean, eta, besteak beste, Francorentzat, Juan Carlos I.arentzat, Hassan II.arentzat eta Jordaniako Husseinentzat egin zituen damaskinatu-lanak.

 

Politikarien berbak

Zupiriaren berbetan, gaur aurkeztutako eskopetak “"lagundu egingo digu gure herriaren ondare industriala ezagutarazten. Pieza hau esku-lan mota baten eta jakintza baten fruitu da. Eta, baita ere, herri honek industria ulertzeko modu baten erakusgarri, garai eta material ezberdinetara egokitzen jakin zuena. Eta hori Eibarko langile eta enpresarien esfortzuari esker izan zen posible”.

Iraolak adierazi duenez, “gure Museoak mila bat arma inguru eta ehunka objektu ditu gure herriko tailerretan egindakoak. Aurten, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ondarea erosteko emandako zuzeneko dirulaguntzari esker, Star markako eskopeta bat erosteko aukera izan dugu; eskopeta Star Bonifacio Echeverría SA fabrikak 80ko hamarkadaren amaieran egin zituen gama altuko 10 eskopetetatik 3 zenbakikoa da”.