Udalak urriaren 30era arte luzatu du ikasleentzako dirulaguntzak eskatzeko epea

'Umeak Eskolara' eta 'Dirulaguntzak Ikasleei' programetako laguntzak eskatzeko epea gaur amaitzekoa zen, baina Udalak beste bi astez luzatzea erabaki du.
Udalak urriaren 30era arte luzatu du ikasleentzako dirulaguntzak eskatzeko epea
2026/10/16 10:37
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Gaur, urriak 16, amaitzekoa zen ikasturte-hasierako gastuei aurre egiteko dirulaguntzak eskatzeko epea. Eibarko Udalak, ordea, urriaren 30era arte luzatu du 'Umeak Eskolara' eta 'Dirulaguntzak Ikasleei' programetako eskaerak aurkezteko epea. Azken egunotan, ilara luzeak sortu dira Errebal Plazan eskaerak aurkezteko Udalak jarritako bulegoan.

Bi programen helburua da familiei eta ikasleei ikasturte-hasierako gastuei aurre egiten laguntzea eta tokiko merkataritzako erosketak sustatzea. Aurten, gehienez 70 euroko laguntza jasoko du onuradun bakoitzak. Dirua arropa, oinetakoak, eskola-materiala —testuliburuak izan ezik—, betaurrekoak, ukipen-lenteak eta kirol-ekipamendua erosteko erabil daiteke, baldin eta erosketak Eibarko dendetan egiten badira.