Udalbatzak ia 31 milioiko udal aurrekontua onartu du
Gaur (astelehena, hilak 16) goizean udaletxean egindako udalbatzarrean 2015. urterako udal aurrekontua onartu dute, aldeko 11 boturekin (PSE-EE+PP), sei abstentziorekin (Eibarko EH Bildu) eta kontrako lau boturekin (EAJ). Aurtengo ekitaldirako onartutako aurrekotua ia 31 milioi eurokoa (30.800.383) da eta, iazko aurrekontuarekin alderatuz gero orokorrean aurrekontuak 2 milioi inguruko jaitsiera izan badu ere, aurten Debabarreneko Mankomunitateak hondakin-bilketa zerbitzuaren kudeaketa osoa bere gain hartzeari zor zaio jaitsiera, neurri handi batean. Beraz, aldagai hori kontuan hartuz gero, gaur onartu den aurrekontuaren proposamenak %1'7-ko igoera izango luke.
Igor Aldalur Eibarko EH Bilduko bozeramailea pozik azaldu da dokumentua lantzeko izan dituzten bilerak eta gero alderdi sozialistarekin lortutako adostasun mailarekin, aurrekontu proposamenak bere alderdiak aurkeztutako 27 proposamenetatik 21 jaso ditu eta: "Onartutako zuzenketen artean, batzuk iaz onartu zizkiguten hainbaten jarraipena dira eta berrien artean, berriz, lau bereziki aipatu nahi ditugu: herri barruko bidegorriari dagokiona, tokiko garapen ekonomikorako planaren ingurukoa, hutsik dauden etxeak alokairuan merkaturatzeko proiektuari buruzkoa eta Euskararen Plan Estrategikoari lotutakoa".
EAJ-ko Eva Juezek, berriz, proposamenari osoko zuzenketa aurkeztea eta bere alderdiak kontrako botua ematea arrazoitu du: "Proposamenari etorkizunerako proiektua falta zaiola uste dugu. Eibarko gazteen langabezia tasak %38a gainditu du, larrialdi egoeran gaude eta aurrekontu proposamenak herrian dauden premiei ez die erantzunik ematen. Sozialistekin proposamenari buruz negoziatzera jarri ginenean 25 proposamen aurkeztu genituen: besteak beste, autoenplegua sustatzeko partida sortzea proposatu genien, baina horretarako 30.000 euro erabiltzeko prest zeudela erantzun ziguten eta ia-ia adarra jotzen ari zirela iruditu zitzaigun".
Eta PP alderdiko Carmen Larrañagaren berbetan, "horretara ipinita, gutariko bakoitzak aurrekontu ezberdina osatuko luke, baina garrantzitsuena aurrekontuak ahalik eta babes handienarekin aurrera egitea da".