Udaleko Gizartekintza Saileko taldea indartu eta arreta presentzialaren ordutegia aldatu dute

Azken urteotan gero eta gehiago dira Gizartekintza Sailak egunero artatzen dituen kasuak. Balorazio- eta berrantolaketa-prozesu baten ondoren, hobetu beharreko arlo batzuk antzeman dira, eta haietako bat da administrazio-bulegoa.
Udaleko Gizartekintza Saileko taldea indartu eta arreta presentzialaren ordutegia aldatu dute
2025/02/18 12:43
eta kitto!

Azken urteotan, gero eta gehiago dira Gizartekintza Sailak egunero artatzen dituen kasuak, bai modu presentzialean bai telefono bidez, inoiz, egunean 100 kasu baino gehiago ere  artatzeraino.  "Lan-karga horrek zaildu egin du beste administrazio-lan batzuk egitea, funtsezkoak direnak sailak behar bezala funtzionatzeko eta Eibarko herritarren beharrei modu egokian erantzuteko", azaldu dute. Balorazio- eta berrantolaketa-prozesu baten ondoren, hobetu beharreko arlo batzuk antzeman dira, eta haietako bat da administrazio-bulegoa. Bulegoko profesional talde hori da erabiltzaileekin eta haien beharrekin harremana duen lehen puntua, eta "horrek askotan lana pilatzea eragin du eman beharreko arretan".

Aldaketa hau Gizartekintza Sailaren barne-berrikuspen prozesu baten parte da, eta lortu nahi dena da antolaketa-, lan- eta protokolo-ereduak eguneratzea eta optimizatzea, herritarren beharrei erantzun eraginkorragoa emango zaiela ziurtatuz.

 

Hartutako neurriak

Egoera konpontzeko, bi neurri oso garrantzitsu hartu dira. Alde batetik taldea indartu dute: administrazio-profila duten bi pertsona hasi dira lanean administrazio-bulegoan.Gizarte-laneko profila duen beste pertsona bat ere hasi da; horrek erabiltzaileekin lehen elkarrizketak egingo ditu. "Errefortzu hauei esker, murriztu egingo da itxaron-zerrenda eta herritarrei eman beharreko arreta azkarragoa eta hurbilagoa izango da", diote. Bigarren neurra arreta presentzialaren ordutegi-aldaketa izan da. Hemendik aurrera, Gizartekintzako administrazio-bulegoko arreta presentzialaren ordutegia hauxe izango da: astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 12:30era. Ostiraletan itxita egongo da administrazio-zereginak egiteko eta telefono bidezko arreta emateko.Gizarte-langileekiko eta saileko beste teknikari batzuekiko hitzorduak ez dira aldatuko, eta jarraituko dute aurretiazkoak izaten. Ea berean larrialdiak orain arte bezala artatuko dira.

 

Antolaketa berriaren helburuak

Berrantolaketa honekin lortu nahi da administrazio-bulegoan pilatutako lanak arinago izapidetzea eta arreta hobetzea; arreta telefoniko eraginkorragoa bermatzea; denbora gehiago izatea dokumentuak eta espedienteak kudeatu eta izapidetzeko eta itxaron-denborak murriztea.