Udaltzaingoko lanpostu-deialdian C1 euskara-mailaren eskakizuna kentzearen aurka azaltzeko elkarretaratzea egin da

Eibarko Euskalgintzak deitu du mobilizazioa, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurka doan erabakia salatzeko.
Udaltzaingoko lanpostu-deialdian C1 euskara-mailaren eskakizuna kentzearen aurka azaltzeko elkarretaratzea egin da
2026/06/19 14:54
Silbia Hernandez Arrazola

Gaur eguerdian elkarretaratzea egin da Untzaga plazan, Eibarko Euskalgintzak deituta, Eibarko Udaltzaingoko sei lanpostu betetzeko prozesuan C1 euskara maila eskatzea baliogabetu duen erabakiaren aurka azaltzeko. “Euskara ez da oztopoa, eskubidea da!” zioen pankartaren atzean bildu dira deialdiarekin bat egin duten herritarrak.

Antolatzaileen arabera, erabaki horrek euskaldunon hizkuntza eskubideetan eragin zuzena du, eta horren aurrean erantzun beharra dagoela azpimarratu dute. 

Ekainaren lehen egunetan baliogabetu du Gipuzkoako administrazioarekiko auzien epaitegi batek Eibarko Udaltzaingoko sei lanpostu betetzeko deialdian ezarritako C1 euskara-mailaren eskakizuna. Epaiaren arabera, ez dago behar bezala justifikatuta lanpostu guztietan hizkuntza-maila hori derrigorrez eskatzea, eta eskakizuna "neurrigabea" dela ondorioztatu du.

Ebazpena B2 euskara-maila zuten hiru udaltzainek aurkeztutako helegitearen ondorio da. Helegite horretan, lanpostuak betetzeko deialdia eta hortik eratorritako hautagaien zerrendak auzitan jarri zituzten, eta epaitegiak haien argudioak onartu ditu.