Udan Boliviara boluntario gisa joan ahal izateko tonbola antolatu du Gipuzkoako Jende Xumeak
Gipuzkoako Jende Xumea taldearen eskutik, 2.000 sari baino gehiagorekin prestatu duten tonbola solidarioa egongo da bihar Untzagan, egun osoan. Gainera, goizean Izartxo aisialdi taldearen laguntzaz, haurrentzako ekintzak egongo dira. Azaldu dutenez, “egun osoan zehar tonbolarako boletoak erosi, zerbait hartu, eta gure merchandising-a erosteko aukera egongo da”. Boluntariotzan hezten ari diren Eibarko, Zarauzko eta Donostiko gazte kuadrila batek osatzen dute Gipuzkoako Jende Xumea taldea. Aurtengo udan Boliviara, Santa Cruz de la Sierrara joan nahi dute, boluntario gisa aritzeko, eta biharko tonbola bezalako ekimenekin finantzatu nahi dute proiektua.
Jende Xumeako kideek diotenez, “Proyde-Proega GGKE-ren babesean ari gara ibilbidea egiten. Bolivian barnetegia duen eskola batera joango ginateke, eta bertan ahal dugun guztian lagunduko genuke. Hango gazteek eskolan pasatzen dute aste osoa, zenbaitek gurasorik ez dutelako, eta beste batzuk etxean zaintzarako aukerarik ez dutelako. Gazte hauekin lan egiteko aukera suertatu zaigu, eta ziur gaude beraiei laguntzeko gai garela. Horretarako, laguntza gelak prestatuko genituzke, eskola konpondu eta jolasak prestatu, besteak beste. Horrez gain, Santa Cruz De La Sierran, kanpoaldean dagoen Plataforma Solidaria izeneko zentro batean lagunduko genuke”.