Ugandako Aba Taano taldeak gospel kontzertu solidarioa emango du Karmelitetan
Une honetan Europan batetik bestera dabiltza kontzertuak ematen, eta maiatzean Euskal Herriko hainbat tokitan arituko dira, bihar Eibarren egingo duten bezala. Horrelako kontzertuetatik lortzen duten dirua Música para salvar vidas izeneko proiektua finantzatzeko erabiltzen da. Horregatik, nahiz eta sarrerarik ez duten kobratuko, saioaren amaieran jendeari dirua eskatuko zaio, bakoitzak ahal duenarekin lagundu dezan. Proiektu humanitarioaren arduradunek azaldu digutenez, “2005. urtean abiatu genuen proiektua, Ugandan erabat bakarrik zeuden haurrei laguntzeko asmoz. Eurak zaintzeko familia barik, aurrera egiteko laguntza ematen ahalegintzen gara, beraien kabuz bizitzeko prest egon arte. Gaur egun 60 bat neska-mutil daude gurekin, elkarrekin bizitzen eta ikasten. Gehienak adingabeak dira. Beraientzat etxea dena Kirekan dago, Kampalatik gertu, eta han bertan ikasten dute: haurrek lehen hezkuntza, bigarrena, klase espezializatuak eta unibertsitate mailako ikasketak egiten dituzte.