‘Ulisesen Jokoak’ mahai-jokoen jardunaldiak egingo dira bihar (zapatua) Errebalen

Odisea Elkarteak antolatu dituen jarduerak 08:00etatik 20:30era bitartean izango dira, dohainik.
‘Ulisesen Jokoak’ mahai-jokoen jardunaldiak egingo dira bihar (zapatua) Errebalen
2026/10/16 18:18
Silbia Hernandez Arrazola

Odisea elkarteak egun osorako egitaraua prestatu du bihar zapaturako, era guztietako mahai-jokoekin. Beste batzuetan bezala, Errebal Plazan egingo dira Ulisesen Jokoak izenburuko jardunaldiak, goizean goizetik hasi eta iluntzeraino (08:00etatik 20:30era). Antolatu dituzten jarduerak adin-tarte eta gustu guztiak asetzeko modukoak dira, eta batez ere helduak gonbidatu nahi dituzte parte hartzera. Ludoteka, txapelketak eta rol-jokoak eskainiko dituzte, besteak beste, dohainik. Horrekin batera, Blood Bowl txapelketa izango da edizio honetako ekitaldi erakargarrienetako bat. Lau lehiaketa-erronda izango ditu, eta amaieran sari-banaketa eta zozketa egingo dira. Goizeko lehen orduan, 08:45ean hasiko da parte-hartzaileen erregistroa, eta egun osoan zehar luzatuko da lehia, eguerdiko etena tarteko. Sari-banaketa eta zozketa 19:45ean izango dira.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak ere herritarrak animatu ditu bihar Errebal Plazara gerturatzera: “Ulisesen Jokoak jardunaldiak aukera bat dira irudimena, estrategia eta pertsonen arteko harremanak sustatzen dituen zaletasunaz gozatzeko. Zaletu guztiak eta oraindik mundu hau ezagutzen ez dutenak gonbidatzen ditugu jokoen inguruan sortzen den girora gerturatu, parte hartu eta goza dezaten”.

Odisea elkartea ezagutzera joateko gonbidapena

Mahai-jokoetan dagoen eskaintza benetan zabala denez, horrelako jardunaldiak joko ezberdinei buruzko informazioa emateko aprobetxatzen dituzte, eta jokoak probatzeko aukera ere izaten da. Baina, bestela ere, interesa duenak beste edozein egunetan elkartera jo dezake: “Odisearen lokala Bittor Sarasketa kalean dago, eta jendea bertaratzera animatu nahi dugu”. Informazio gehiagorako, elkartearen webgunean (asociacionodisea.com) ala sare sozialetan begiratu.