'Un fantasma en la batalla' pelikula grabatuko dute egun hauetan Julian Etxeberria kalean

Susana Abaitua, Ariadna Gil eta Raul Arevalo dira filmeko protagonistetako batzuk
'Un fantasma en la batalla' pelikula grabatuko dute egun hauetan Julian Etxeberria kalean
2024/05/22 09:17
eta kitto!

Eibar zinema-plato bihurtuko da berriz ere, 'Un fantasma en la batalla' pelikularen grabaketa jasoko baitu gaur, bihar, etzi eta astelehenean. Hain zuzen ere, Julian Etxeberria kaleko 8. zenbakian egingo dute grabazioa.

Filmaren grabaketa gaur 14:00etan hasiko da eta 00:00ak arte iraungo du lehen egunean, bihar 16:30etik 02:30era egingo da, etzi 16:00etatik 02:00etara eta astelehenean goizez arituko dira profesionalak.

Julian Etxeberria kaleko 8. zenbakiko atarian jarri duten oharrean azaltzen denez, eguenean garabia jarriko dute etxebizitzaren kanpoan euriaren efektua sortzeko. Horregatik, leihoak ixteko eskatzen diete lehen, bigarren eta hirugarren pisuan bizi direnei. Era berean, beste garabi batzuk jarriko dituztela adierazi dute, "kanpotik argiztatzeko".

 

ETAn infiltratutako Guardia Zibila

Agustin Diaz Yanes da Belen Atienzak, J.A. Bayonak eta Sandra Hermidak ekoiztutako pelikularen zuzendaria, eta Susana Abaitua, Andres Gertrudix, Ariadna Gil eta Raul Arevalo dira filmeko protagonistetako batzuk.

Pelikulak Amaiaren historia kontatzen du, ETAn hamarkada bat baino gehiago infiltratuta pasatzen duen Guardia Zibil baten bizipena, bere helburu nagusia talde terroristak Frantzian dituen zuloak aurkitzea delarik.

Netflixek bultzatu du pelikularen sorkuntza eta orain dela gutxi hasi ditu grabaketak Ipar Euskal Herrian.