University Of The Visayas Chorale abesbatzaren kontzertua gaur Coliseoan
Gaur (martitzena, urriaren 30ean) Eibarko XX. Musikaldiaren barruan, University Of The Visayas Chorale (Filipinak-Cebu) abesbatzaren emanaldia hartuko du Coliseoak 20.30etan (sarrerak 3 eurotan salgai). Ahots nahasiek (18 andrazkok eta 17 gizonezkok) osatutako taldea Anna Tabita Piquerok zuzentzen du. 1999an sortu zuten eta Cebu-ko Visayas-eko Unibertsitateko abesbatza ofiziala da. José R. Gulas doktorea, unibertsitateko zuzendari-orde exekutiboa, izan zen sortzailea helburu xume batekin: unibertsitateko ekitaldietan eta elizako mezetan abestea. 2007an hala ere, bultzada berri bat eman zion taldeari gaur egungo zuzendaria den Anna Piquerok; sari bat baino gehiago irabazi dituen Philippine Madrigal Singers abesbatzatik zetorrena berau. Harrezkero hainbat sari eta errekonozimendu izan ditu abesbatzak. Besteak beste, 2009ko Filipinetako Abesbatzen Lehenengo Lehiaketan eta Tomohoneko (Indonesia) Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan. Azken honetan, urrezko garaikurrak eskuratu zituen. Manilako Broadcasting Company´s Paskong Pinoy Abesbatza Lehiaketa Nazionalean ere, bitan saritu dute taldea; 2009an eta 2011an. 2010ean, Filipinetako Artearen bikaintasunaren errekonozimendu moduan, Aning Dangal Saria irabazi zuten. Gloria Macapagal Arroyo Filipinetako lehendakari ohiak eman zien saria, Kultura eta Artearen Batzorde Nazionalak proposatuta.