Untzaga Jubilatuen Etxean segurtasuna eta ongizatea sustatuz
Untzaga Jubiletxeko zuzendaritza taldeak prestatzen diharduen gestio planaren barruan, autoprotekzioa, osasunaren zainketa eta lehen sorospenak bezalako gaiek pisu handia daukatela esan digu Joseba M. Garcia Untzaga Gizarte Etxeko koordinatzaileak: “Denbora daramagu ideia horiei bueltak ematen eta, orain, Alberto Viteri zuzendaritzan sartuta, gai hauetan burubelarri sartzea erabaki dugu”.
Alberto Viteri Orbean eta Grupo Danobat enpresetan ibili da mediku bezala eta, lan horrekin batera, kontsulta pribatuan jardun du lanean, orain dela gutxi erretiroa hartu duen arte. Enpresa munduan osasunarekin lotutako formazio ugari eman ditu Albertok, eta Jubiletxean ere horrelako gai asko landu daitezkeela uste du. “Hemen, gure zentroan, adin sorta zabala duen jendea egoten da egunero, eta argi dago gauzak gertatu daitezkeela. Hori dela eta, oinarrizko lehen sorospenei buruzko tailerrak prestatzen ari gara, eta BBBn (bihotz-biriketako bizkortzea), desfibriladorean eta Heimlich maniobran (eztarri-trabak, arnasbidea oztopatuta) jarriko dugu arreta. Asmoa da zuzendaritzakoak eta zentroan lan egin ohi duten profesionalak teknika horietan guztietan trebatzea, Interbentzio Talde bat osatuz", azaldu digu Albertok. Hala ere, BBB edo Heimlich maniobra bezalako teknikak publiko orokorrari zabaldu nahi dizkiete, "bi horiek bereziki oso garrantzitsuak direlako".
Jubiletxe barruko talde horrek, beraz, laguntza eskaini dezake erorikoak, arnasketa-arazoak edo bihotzekoak gertatzen direnean, besteak beste. Orain talde hori nola osatuko den zehazten ari dira eta hilaren 16an planaren aurkezpena egingo dute. Tailer horien bidez gauza asko landu daitezkeela diote: bihotz-geldialdi baten aurrean zer egin behar den, desfibriladorea iritsi arte zer egin behar den eta zer ez (hau ere oso garrantzitsua da), lipotimiak, odoljarioak, sinkopeak, nola lasaitu pazientea, zeinek deitu behar duen larrialdietara... "Pertsona askok hartzen dute parte larrialdi bat gertatzen denean, eta bakoitzak argi eduki behar du zer egin behar duen", esan digute.
Enpresa munduan hezitzaile moduan bizi izan duen esperientzia Jubiletxera eraman nahi du Albertok: "Apur bat desberdina izango da, enpresetan gauza asko matizatu behar direlako, baina oinarrian antzerako gaiak landuko ditugu. Azken batean, emergentziak edonon gertatzen dira: kalean, enpresetan, etxean… Eta oso garrantzitsua da horrelako egoera baten aurrean nola jokatu behar dugun jakitea. Bizitzak salba ditzakegu", esan digu.
Paziente Bizia-Paciente Activo ekimena martxan
Bestalde, martxoan egin zuten aurkezpenaren ondoren, Paziente Bizia-Paciente Activo ekimenaren lehen tailerra hasiko da berehala, urriaren 19an. "NIRE OSASUNA AKTIBOKI ZAINDUZ" edozein gaixotasun kroniko duten pertsonei edo haien zaintzaileei zuzendutako tailerra da. Saioei dagokienez, bi begiralek zuzentzen dituzte, normalean erizainak izaten dira, eta eurekin batera, mahaian, gaixotasuna kroniko bat duen paziente bat egoten da bere esperientzia kontatzen. Bizitza aktiboa eta osasungarria izateko zer egiten duen kontatzen du. Taldean gaixotasun bera duten pertsonak egoten dira eta, modu pertehartzaile batean, denon artean, gaixotasunari buruzko gauzak partekatzen dituzte. Hau Euskadi mailan egiten den zerbait da, Osakidetzaren bitartez. "Oso programa interesgarria da. Bere gaixotasuna ezagutuz, jendea gehiago eta hobeto biziko da, eta gaixotasunari beldurra kentzeko oso baliagarria da", dio Viterik. Tailer hau amaitzeaan "Nire emozioak nola zaindu" tailerra egingo da, eta hau ere oso gomendagarria dela aurreratu digute Josebak eta Albertok.