Urbanoa eta bertakoa, musika saio freskoa bihar Elgetan ospatuko den Sagardo Egunean

Emeka eta North School arituko dira, besteak beste, Espaloia Kafe Antzokian
Urbanoa eta bertakoa, musika saio freskoa bihar Elgetan ospatuko den Sagardo Egunean
2024/09/20 11:10
eta kitto!

Sagardo Eguna ospatuko da bihar Elgetan eta, ekoizleen azokaz, umeendako tirolinaz, Intxortako igoeraz eta patata tortilla lehiaketaz gain, kontzertuak antolatu ditu Mendi Mendia Racing taldeak Espaloia Kafe Antzokian.

Musika urbanoaren euskal eszenako izen garrantzitsuak bilduko dira bihar, 21:30etik aurrera, Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Saioak goizera arte iraungo du eta sarrerak 15 euro balioko ditu.

Izen garrantzitsuen artean eibartar bat aurkitzen dugu: Emeka. Bilbon egin den Reyes de Plaza lehiaketaren (abestien borroka, oilar borroken antzera) saioa irabazi berri du eta final nagusira sailkatu da. Eibartarrak oso gaztetatik darama rapeatzen eta poliki-poliki tokia egin du musika mota horren eszenan, erreferenteetako bat bihurtu arte.

Emeka North School kolektiboko parte da eta, hain zuzen ere, North Schooleko kideek ere hartuko dute parte Elgetako saioan. Debabarreneko zenbait herritako lagunek osatzen dute North School eta hemen inguruan dagoen talentuaren erakusle dira.

Musikarien artean DMT egongo da: Densok, Mutikok eta Tattak osatzen duten hirukotea. Bakarka ikusi izan ditugun arren, elkarrekin arituko dira oraingoan.

Golden 21K ere izango da Espaloiako eszenatoki gainean. Azken urtean ‘Buscándome’, ‘Escarcha’ (hau Densorekin) eta ‘Stussy-o’ abestiak kaleratu ditu, musikari emergenteenetarikoa dela erakutsiz.


Bengo eta Etxepe

Hau guztia gutxi balitz, punta-puntako beste bi izen handi izango dira Elgetan: Bengo eta Etxepe.

Pop musika eta musika urbanoa uztartzen ditu Bengok. Oiartzuarrak arrakastaren bidea hartu du euskal musikaren eszenan eta horren erakusle da ikusle ugari bildu dituen Bizirik Bira. 2021an kaleratu zuen bere lehen lana, ‘4taupada’, eta urte honen amaieran disko berria kaleratuko du. Horrela, ‘Beste behin’ singlea kaleratu zuen ekainean, aurrerapen gisa.

Etxepe Arrasateko lagun kuadrilla bat da. Baina ez edonolako gazte kuadrilla, euskal musika tradizionala trap musikarekin eta bestelako doinu urbanoekin nahastuz, gure musika eszena berriaren ikurretako bat delako. Taldea osatzen duen laukotea denbora pasatzeko hasi zen musika egiten eta gaur egun proiektu erakargarria garatu du.