Urbat Urkotronik igo berriak bihar debutatuko du 2. Nazional Mailan

Urbat Urkotronik igo berriak bihar debutatuko du 2. Nazional Mailan
2023/10/06 11:24
eta kitto!
Gure herriko waterpolo klubeko lehen taldeak bihar arratsaldez, 18:00etan hasita, jokatuko du Bartzelonako Badia del Vallés herrian bertako CN Badiaren aurka 2. Nazional Mailako bere historiako lehenengo partidua. Mailari eustea baino beste asmorik ez duen Davide Cerchiren taldeak aurkari zaila izango du: Urbatek maila horretara igotzea lortu duen bezala, aurkaria 1. Maila Nazionaletik jaitsi berria delako eta kataluniarren asmoa oso bestelakoa delako, hain zuzen ere berriro igo eta galdutako maila berreskuratzea.

Urbatek, bestalde, etxeko partidu guztiak Anoetako Paco Yoldi igerilekuan jokatuko ditu, Orbeako igerilekuak ez dituelako betetzen maila horretarako eskatzen diren neurriak. Eibartarrek Donostian jokatuko dituzten partidu guztiak zapatuetan, 20:15ean hasita; lehenengoa hurrengo zapatuan, hilaren 14an, izango da CN Ciutat de Palma aurkari dutela.